Elorrioko Ferixa Nausikoak

"Jendea aldatu egin da, baina Gaztetxearen nortasuna ez da galdu"

Jone Guenetxea 2018ko ira. 1a, 10:55

Gaur emango diote hasiera Ferixa Nausikoei Elorrioko Gaztetxeko, Txintxirri Ikastolako eta Besaide Dantza taldeko kideek botatako txupinazoagaz. Gorka Igartiburu eta Jokin Arabiourrutia Elorrioko Gaztetxeko kideak dira.

Pozik zaudete Ferixa Nausiko jaietan txupinazoa botatzeagatik?
Gorka Igartiburu: Bai, herriaren aldetik azken 30 urteotan egindako lanaren errekonozimendu bat da.

Jai bereziak izango dira Gaztetxearentzat?
Jokin Arabiourrutia: Ez dut uste bereziak izango direnik. Txupinazoa garrantzitsua da, baina jaira begira urtero legez saiatuko gara pertsona guztientzat eskaintzak egiten eta herri guztiarentzat ateak zabalik edukitzen.

Jaietan zelan aldatzen da Gaztetxearen egunerokoa?
J.A.: Kontzertuak antolatzen ditugu eta barran txandaren bat egitea ere tokatzen zaigu.
G.I.: Txosnagunean eta Gazte Egunean laguntzen saiatzen gara.

Hiru hamarkadatan zein garapen izan du Gaztetxeak?
J.A.: Sasoiak aldatu egin dira. Iturri kultur etxea dagoen eraikinean hasi ginen. Ondoren, Aldapabeitia jauregira joan ginen, eta orain kultur etxean dugu lokala. Jendea aldatu egin da, baina Gaztetxearen nortasuna ez da galdu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!