Pulla-Azkarretako industrigunearen plana bertan behera utzi du auzitegi nagusiak

Markel Onaindia 2018ko mar. 6a, 11:11

Auzo Koordinadorak Euskadiko Auzitegi Nagusian errekurritu zuen industrigunea sortzeko plan berezia, eta berari eman dio arrazoia epaileak. URA eta AENA agentzien txostenak eta ingurugiroaren eraginen ikerketa falta ziren udalak aurkeztutako txostenean.

Auziagaz aurrera egin aurretik, epaileak akats horien berri eman zien aldeei. Egoera hori kontutan izanda, udalak amore ematea erabaki zuen 2016ko apirilean, koordinadoraren erreklamazioek oinarria zutela ikusita. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak egin zuten jarrera horren alde, ez ostera EAJk. Geroztik, polemika iturri bihurtu da plana udalean. EH Bilduko gobernuak EAJri leporatu zion aurreko legealdian "hankasartze larriak" egitea txostenagaz; jeltzaleek gobernuari "arduragabekeriaz jokatzea" egotzi zieten, eta amore ez ematea eskatu zuten.

2010etik datorren soka
2010ean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zuen udalak, ANV gobernuan zela. Bertan jasotzen zen Pulla-Azkarretan 7 hektareako industrigunea eraikitzea, eta 2015ean onartutako plan berezia horren segida zen. Orain, atzera botata, planari berriro ekitea edo aldaketak egitea erabaki beharko du udalak. EH Bildu plana herritarrekin berraztertzeko prest agertu zen, testuinguru ekonomikoa eta hirigintza garapena 2010eko berak ez direla ulertuta.  EAJk planari eustea eskatu zuen, lanpostuak sortuko zituela argudiatuta.

Nekazal lurren balioa
Auzo Koordinadoraren ustez, "balio handiko nekazal lurrak" dira eremu horretakoak eta hori izan da planaren aurka egiteko arrazoi nagusia. Gainera, proiektuaren dimentsioa arrazoitzen zuen "datu falta" egon izana ere salatu du. Prentsara bidalitako oharrean dio ez dela ulergarria "EAJren eta Sprilur-en burugogorkeria", planean lur industrialak erabili beharrean nekazal lurrak erabili gura zirelako. Industrigunea sustatu behar zuen Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundea da Sprilur. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!