Pullako planaren errekurtsoan amore eman du udalak, eta planaren geroa airean dago

Anboto 2016ko api. 19a, 11:52

Auzo Koordinadorak Pulla-Azkarretako plan partzialari errekurtsoa ipini zion, eta agerian geratu zen planari txosten tekniko batzuk falta zitzaizkiola.

Egoera horretan, udalak auzian aurrera egin ala ez erabaki behar zuen, eta azkenean amore ematea erabaki du. Asteleheneko osoko bilkuran onartu zuten EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, EAJ aurka zela. Orain, epaitegiak du berba; baina itxura guztien arabera, auzia orain edo beranduago amaituta ere, plana berriro landu beharko dute udalak eta Sprilurrek (industrigunearen sustatzailea). Beraz, planaren geroa airean dago.

Idoia Buruaga alkatearen arabera, “udaleko aholkularitza juridikoak ikusi du koordinadoraren erreklamazio guztiek badutela oinarria”. URA eta AENA agentzien txostenak eta ingurugiroaren eraginen ikerketa falta dira, eta koordinadorak esan du  kopuru urbanistikoak ere egokitu behar direla. Buruaga: “EAJk aurreko legealdian hankasartze hori egingo ez balu, ez ginateke hemen egongo”.

Joseba Mujika (EAJ) ez dago ados erabakiagaz. Bere arabera, ingurugiro eraginen azterketa ez zela beharrezkoa adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak, eta kopuru urbanistikoen gaian arrazoia emateak planean eragin dezakeela kritikatu du. Horrela, URA eta AENAren txostenak eskatu, eta auziagaz aurrera egitea proposatu du.

Buruagaren ikuspegitik, ostera, “fase honetan ezin da akats hori konpondu”.

Eta orain zer?
Udalak ez du oraingoz planaren inguruan beste erabakirik hartu, baina Buruagaren esanetan, “gaiak sortzen duen ezinegona ikusita”, mahai gainera ekartzeko prest daude. Juan Pedro Gallastegiren (HE) nahia, erabakiagaz  “espekulazio sasoiaren amaiera” ekartzea da. “Poiektuaren atzean eraikitzaileen interesa zegoen, eta ez lanpostuak sortzea”. Koordinadorako Julen Fernandezek ere Pullako proiektua ez dela beharrezkoa aldarrikatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!