Pulla-Azkarretan 97.000 metro karratuko industriagunea sortuko dute, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean diseinatu zenak segida izango du horrela. Duela urte bitik ibili dira udalean zatikako plana idazten, eta orain aste bi udalbatzarrean onartu zuten behin betiko. Joseba Mujika alkateordeak (EAJ) lanpostuak sortuko direla nabarmendu zuen: “Herri honen garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izango da”. Gainera, planak ikuspegi ekologikoa daukala azaldu zuen. Adibidez, industriagunea eta San Antongo etxeen artean tartea sortzeko gaur egungo ortuak eta berdeguneak erabiliko dituzte.
EH Bilduko zinegotziek “baiezko kritikoa” eman zioten planari, aldeko boto bategaz eta bost abstentziogaz. Xabier Orbegozoren ustez, industriagunearena Plan Orokorreko urrats logiko bat da, baina etorkizunerako planik ez egotea eta zenbat lanpostu sortuko diren ez jakitea kritikatu zuen.
Bestalde, PPko Carlos García abstenitu egin zen, gaia hauteskunde aurreko udalbatzarrean lantzeagaz ez dagoelako ados.
HAPOa, Auzitegi Gorenean
Plana behin betiko onartzeko, atzera bota dituzte Auzo Koordinadorak, San Anton Bizirik plataformak eta Elorrixa Ekologia taldeak ipinitako alegazioak. Herritar batena, ostera, partzialki onartu dute.
Auzo Koordinadorako Xabier Zarandonak gogoratu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra Auzitegi Gorenean errekurritu zutela, eta “arduragabekeria politikoa” iruditu zaio egoera horretan aurrera egitea. Bestalde, planak ingurumen eraginen txostenik ez duela esan du, eta, industria eraikitzekotan, hutsik dagoen lur industrialean egin beharko litzatekeela.