Pulla-Azkarretako planean "hanka-sartze larriak" egitea egotzi dio EH Bilduk EAJri

Anboto 2016ko mar. 2a, 12:52

EH Bilduk prentsa ohar bidez esan du EAJk aurreko legealdian ez zituen beharrezko txosten batzuk aurkeztu, eta ondorioz, epaitegian ez atzera ez aurrera dagoela industriguneko zatikako plana, Auzo Koordinadorakoek horren aurka egitean. EAJren "hanka-sartze larriak" salatu ditu gobernuko taldeak, eta "sekulako arazo politiko-juridikoa" ekarri duela adierazi du. Joseba Mujikak (EAJ), ordea, esan du plana ez dagoela geratuta, eta EH Bilduk ere babestu zuela aurreko legealdian.

EAJgaz oso kritiko agertu da EH Bildu. Hauteskunde kanpainan, jeltzaleek 600 lanpostu, 30 milioiko inbertsioa edota 65.000 metro karratuko pabilioi industrialak hitzeman zituztela gogoratu du EH Bilduk. "Baina badirudi presa guzti horiekin norbaiti etxeko lanak egitea ahaztu zitzaiola", adierazi dute oharrean, falta diren txostenei erreferentzia eginez. Gainera, EAJk EH Bilduri udaleko gestioaren inguruan eginiko kritikak gaitzetsi dituzte: "Arduratuta egon beharko lirateke, bai, baina ez gure gestioagatik, baizik eta elorriar guztiori utzi diguten oparitxoagatik".

"Mehatxuak", SPRIkoen partetik
EH Bilduk azaldu du udaletxean batzarra egin zutela SPRIko arduradunekin (industrigunea egiteko lurra erosi zuen erakundea), eta horiek, udaleko ordezkariak "mehatxatu" egin zituztela. Hala ere, "enpresen aldetik gaur egun Elorriora etortzeko inolako interesik ez dagoela" aitortu omen zuten, EH Bildukoen arabera. Beraz, udalean arazoa azaleratu da.

Bestalde, gobernuko koalizioak azaldu du Pulla-Azkarretako auzia berriro mahai gainera ateratzeko prest dagoela, hauteskunde programan aukera hori zabaltzen zutela gogoratuz, beste hainbat proposamenegaz bezala. "Arduraz eta errespetuz jokatuko dugu aurrerantzean, kontuan izanda testuinguru ekonomikoa eta gaur egungo hirigintza garapena ez direla iraganekoak".

"Arduragabekeriaz jokatzen"
Joseba Mujika jeltzalearen iritziz, EH Bilduko gobernu taldea "arduragabekeriaz jokatzen" dabil adierazpen horiek egiterakoan. Bere esanetan, plana SPRIk landu zuen, eta EAJk udaleko teknikari eta juristekin zehaztu zuen gero. Horregatik, ez zaio ulergarria egiten errua jeltzaleei bota izana. Gainera, gogoratu du EH Bilduk ere babestu zuela plana, aldeko boto bategaz eta gainerakoen abstentzioekin. Plan partziala plan orokorraren araberakoa da, eta plan orokor hori Auzitegi Gorenak babestu zuela gogoratu du Mujikak.

Mujikaren esanetan, udalak 20 eguneko epea dauka auzia konpontzeko, eta bere ustez hori da logikoena: "Akatsak badaude, zuzenduko dira". Baina, kezka agertu du "EH Bilduk gai honekiko daukan jarreragatik". Bere ustez, proiektuaren gaian, "indefinizoan" dago koalizioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!