Aitor Mimenzak (1991, Elorrio) Bizkaia Zubiko maratoi erdia —Portugalete-Deusto-Getxo— irabazi zuen atzo. 800 parte hartzailetik batek ere ezin izan zuen estutu. Hasieratik lasterketa hausteko asmoagaz topera hasi zen eta taktika ezinhobeto irten zitzaion. Inork jarraitu ezineko erritmoa markatu eta bakarrik geratu zen lasterketa buruan. Egoera horretan eman zituen probako kilometrorik gehienak, 1.08.59ko denboragaz amaitzeko. 4.15 minutu gehiago behar izan zituen David Laherak distantzia bera egiteko.
Mimenza orain hiru-lau urte hasi zen korrika “egunerokotasunetik deskonektatzeko” hobby moduan. Apurka-apurka bere maila hobetu eta Oier Ariznabarreta eta lagunek eurekin entrenatzeko egindako gonbidapena onartu zuen, kontua “serio” hartuz. Harrezkero, urtebete inguru joan da. Denbora honetan, DKTri taldekako Euskadiko maratoi erdien txapelketa irabazten lagundu dio, Laredoko 10 kilometroak 31 minututik behera egin ditu (30.57) eta atzo erakustaldia eskaini zuen. Hurrengo erronka, maiatzaren 1eko Bizkaiko txapelketa (10 km) izango du.
Mendi lasterketak ere baditu buruan: “Nahiago dut urte osoa asfaltora ez bideratzea eta beti denborei begira ez egotea. Horregatik, erlojua etxean utzi, deskonektatu, eta gozatzeko modua dira mendi lasterketak”. Baina espezialitate horretan apurka hobetzen joatea ere gustatuko litzaioke. Aldapa gora “ondo” moldatzen da eta beherantza kosta egiten zaio: “Bildurragatik edo teknika faltagatik… beherantza nabil eskasen. Hor dut hobetu beharra”.