Oier Ariznabarreta eta Durango Kirol Taldea maratoi erdien Euskadiko txapeldun

Anboto 2015ko abe. 14a, 12:08

Oier Ariznabarretak irabazi zuen atzo Gasteizen lehiatu zen proba. Aitor Mimenza eta Ibon San Miguel taldekideen denborek lagunduta, Durango Kirol Taldeak taldekako sailkapena ere irabazi zuen.

Atzo Gasteizen lehiatu zen maratoi erdian Euskadiko txapeldunak erabaki ziren. Etxeko taldeak (La Blanca kluba) talde indartsua zeraman eta faborito ziren. Laster lauko taldea osatu zen aurrean: Hurtado gasteiztarragaz batera, Durango Kirol Taldeko Oier Ariznabarreta eta Aitor Mimenza, eta, Durangaldea Running taldeko Dabid Garcia zihoazen. 18. kilometroan laukotea bitan zatitu zen, lasterketa buruan Hurtado eta Ariznabarreta geratu zirelarik. Azken esprint ikusgarrian Ariznabarreta durangarra nagusitu zen (1.08.20) eta Euskadiko txapelketa irabazi zuen. Hurtado sailkatu zen bigarren denbora berdinean, Dabid Garcia durangarra hirugarren (1.09.09) eta Aitor Mimenza elorriarra laugarren (1.09.15). Mimenzak lau minututan jaitsi zuen iazko bere marka 21 kilometrotan. Durango Kirol Taldeak taldekako sailkapena ere irabazi zuen.

Emakumeetan Silvia Trigueros abadiñarra Euskadiko txapelketako podiumera igo zen hirugarren postuan (1.23.43). Lasterketa laugarren amaitu zuen, baina bere aurretik kantabriar bat helmugaratu zen eta, beraz, ez zen Euskadiko txapelketan sartzen. Emakumeen proba Maitane Guerrerok irabazi zuen: 1.20.32.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!