Egun gutxi oporretarako…
Hasi berri gara, bai! Andra Mari bezperan hartu genituen oporrak; itxi egiten dugu, osterantzean.. Hasieran domeketan ez genuen ogirik egiten, baina, eskaria sortu zen eta, orain, orduantxe egiten dugu ogi gehien.
Egunean zenbat egiten dira?
Aste barruan labe handiena betetzen dut: 170 bat . Asteburuan, berriz, bi labeak 2-3 bider; 100 bat ogi sartzen dira 2. labean.
Ogibide gogorra duzu.
Gustoko dut, baina, ordutegi txarra dauka. Domekero 02:30ean jaikitzea gogorra da. Irten eta gero, alabek hauxe esaten dute etxerako bueltan: “hau ez da guretzako!” Gazte gutxi topatuko dituzu holakorik gura duenik.
Eguna argitzeke hasten zara.
Normalean, astelehenetik eguenera, 04:00etan jeikitzen gara; barikuetan, 03:30ean, eta, zapatu eta domeketan, 02:30ean.
Baserriko ogia egiten duzue.
Ogia eta euskal pastela dira “izarrak”, baina pastak ere egiten ditugu. Artoa ere bai neguan, eta sanblasak San Blas sasoian eta mokotzak pazkotan.
Ogi ona egiteko sekretua?
Ustez hurun ona erabiltzea… Guk ez dugu inolako gehigarririk erabiltzen, eta antzinako erara egiten dugu ogia, amamen erara. Etxeko ama orea erabiltzen dugu, denboraren puruz legamiatua. Beste zapore bat ematen dio, eta biharamunean jateko moduan dago; batzuek gurago dute hori. Egurrezko labeak ere ukitua ematen du.
Pagoa erabiltzen duzue egurrezko bi labeak berotzeko…
Horregaz hasi ginen, eta ondo joan zaigu. Oso ondo berotzen du, eta nahiko garbia da.
Okindegi gero eta gehiago daude, ogiak ere denetarik…
Merkatuan gero eta aukera gehiago dago. Zapatu eta domeketan ogi integrala egiten dugu, eta ondo saltzen da. Eskaria handia da. Zekalezko ogia, halako edo bestelako ogia... egitea eskatu digute guri ere, baina, hemen ezin gara horretan hasi. Egia esan, gero eta okindegi gehiago daude… danek salduko dute! Niri ere esan zidaten ia zelan jarriko nuen okindegia!
Eta 20 urte egin dituzu...
Urkiola Landa Garapen Elkarteak antolatutako ikastaro batzuk egin nituen, eta, lanik barik geratzean, labe txiki bategaz animatu nintzen; urtebetera 2.a jarri nuen. Egia esan, nire lekua egin dut. Baina, amamagaz betidanik ibili naiz ogia egiten. Lehen, astean behin egiten zen ogia etxerako, orduan ere batzuk saldu egiten ziren.
Zuzenean saltzen duzu.
Etxera etortzen dira batzuk; baina, dendetan ere uzten dut, Elorrion, Zaldibarren eta Berrizen. Elgetan ere bai.
Eta azoketan ere bai.
Bai. Elorrio eta Abadiño dira onenak hemen inguruan.. Ezagutzen naute, baina, oro har, erostera joaten da jendea. Durangoko feria, berriz, pobrea da; gutxi saltzen da. Ez dago ohiturarik edo..