Elorrioko Ferixa Nausikoak 2015

Iker Alberdi: "Gure produktuak ezagutzera emateko aukera ona da azoka"

Anboto 2015ko ira. 3a, 12:24

Pernila, paleta, txorizoa, saltxitxoia, solomoa eta patea salduko ditu Elorrioko Aldape baserrian txerritegia daukan Iker Alberdik, irailaren 6ko Elorrioko Ferixa Nausiko jaietako azokan. Kanpoan hazitako txerriak dira produktu horiek egiteko hazten dituztenak, lehengaiekin egindako pentsuagaz elikatutakoak. Aldape auzoko Amandarro baserriko haztegiaren ondoko landan eta hariztian ibiltzen dira Alberdik 22 astez hazten dituen txerriak. Bere berbetan, “horri esker, sortutako produktuen bereizgarri nagusiak zaporea eta kalitatea dira”.


Iaz ipini zuen Iker Alberdik Elorrioko jaietako azokan erakusmahaia lehenengoz, eta, aurten ere, “batez ere nire lana eta gure produktuak ezagutzera emateko aukera ona” delako joango da. Elorrion urtean egiten diren hiru azoketan parte hartu ohi du: abenduko Buskantza Jaian, bigarren eskukoen azokan eta Ferixa Nausikoan.

Txerrizaleok elkartea
Txerrizaleok elkarteko kidea da Iker Alberdi, eta elkarte horren bitartez egiten du produktuen komertzializazioa; Elorrio, Durango, Abadiño, Zornotza eta Zaldibarko harategietan, esaterako, badauzkate euren produktuak, eta ostalaritzara ere bideratzen dute beste parte bat.

Elkartean sortzen den jeneroaren %80 freskoan saltzen dutela azaldu du Alberdik, eta %20 produktuen elaboraziora bideratzen dute: “Guk lehengaia ipintzen dugu, eta makila deitzen dena egiten dugu: material horiek lantzen dituztenei helarazten diegu lehengaia”.

2004. urtetik dabil Iker Alberdi txerriak hazten, nekazaritza ingenieritza teknikoa ikasi ostean, Txerrizaleok elkarteko kide egin zenetik. “Ikasketak amaitu, eta Elorriora bueltatu nintzenean, aititak behiak kenduak zituen, eta lursail handia geneukan erabili barik”, dio. “EHNE elkarteagaz harremanetan jarri, eta txerri haztegia ipintzea erabaki nuen”.

Alberdik azaldu du hasi zenean salmentarena zela gehien arduratzen zuen arloa, eta komertzializazioa elkartearen bitartez egin ahal izatea “oso lagungarria” iruditu zitzaiola.

Txerriak mendian hazten dituzten Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako 31 baserritarrek osaturiko elkartea da Txerrizaleok. Zestoan dauka egoitza, eta baita hilketa, zatiketa eta banaketa biltegia ere. Iker Alberdiren berbetan, “EAEn jaten den txerrikiaren %7 inguru da elkarteko kide diren baserrietan hazitakoa”.
Elkartearen hiltegian ere egiten du Alberdik lan, txerriak haztetik bakarrik bizitzea ezinezkoa delako: “Beste ustiapen txiki bat daukan baserritarrak bere jarduna osatzeko oso aproposa da txerritegia: aberastu ez zara egingo, baina inbertsio handirik ere ez da behar”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!