Duela urte batzuk erakusmahai kopurua murriztu ostean, azken urteetan bezala, 60 postu prestatuko dituzte bisitarientzat. Nekazariek landutako fruta eta ortuariak, eta baserrietan egindako askotariko jakiak ipiniko dituzte salgai lehenengo sektoreko langileek Elorrion. Ogia, pastelak, gazta, eztia, ahate-eratorriak eta txakolina dastatu eta erosteko aukera eskainiko dute, adibidez. Ohi bezala, bestalde, artisauek eta abeltzainek ere euren lekua edukiko dute Elorrioko azokan.
Ekoizle horietariko asko urtero Elorrioko azokan parte hartzen dutenak dira, baina erakusmahaia lehenengoz ipiniko duenik ere izango da: Elorrioko hainbat ekoizle gazteren lanak ere izango du isla azokan. Gainera, azokan izango diren 60 postuetatik hogei elorriarrek ipinitakoak izango dira.
Elorrioko nekazariek hazitako ortuariak, Elorrion egindako gazta, ogia, txakolina, gozoak, eta txerrikiak, zein Elorrioko artisauek egindako askotariko eskulanak izango dira azokan eskuragai. Eskulangile elorriarrek paperagaz eta zuragaz egindako bitxiak, larruzko oinetakoak eta panpinak eramango dituzte, esaterako, irailaren 6ko azokara.
Durangaldeko ekoizleak
Elorriokoen ondoan, Durangaldeko beste herri batzuetatik etorritako ekoizleen lanak ere izango du lekurik irailaren 6ko azokan: Berrizko hainbat nekazarik, Otxandioko eta Abadiñoko gaztagile bik, Mallabiko eta Mañariko okin eta gozogileek, Iurretako txakolingile batek, eta Durangoko eta Atxondoko bitxigileek ere ordezkatuko dute Durangaldeko nekazaritza eta artisautsa, Elorrion.
Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko beste hainbat txokotatik ekarritako produktuak ere izango dira Ferixa Nausiko jaietako azokan, eta baita saskigintza lantzen duen Kantabriako eskulangile baten lanak ere.
Azoka zabalik egongo da 10:00etatik 14:30era arte, eta, ohi bezala, Elorrioko txistulari taldearen kalejirak ipiniko dio doinua goizari.
Gazta lehiaketa ere burutuko dute, urtero bezala. Izena ematen duten gaztagileetan zein den onena erabakiko du epaimahaiak.