Amorru: "Eskertzekoa, aukera oso ona da Plateruenean jo ahal izatea"

Anboto 2014ko urt. 21a, 08:00

Musikaren inguruan mugitzen oso gazterik hasi ziren Elorrio eta Atxondoko Amorru taldeko lau mutilak: gazteenak 14 eta nagusienak 16 urte zituela sortu zuten taldea, duela urte bi eta erdi. Xabi Azkarate, Asier Alejo, Julen Letona eta Imanol Tabera dira, orain, Amorru, eta lehenengo hirurekin batu gara, euren entsegu lokalean.

 

Eurek konposatutako sei-zazpi punk-rock kanta dauzkate Amorrukoek, nahiz eta, momentuz, kontzertu gutxi batzuetan bakarrik eskaini ahal izan dituzten; datozen hiletan, maketa batean bildu nahi dituzte kantok. Gaztetasunari, euskararen zein Palestinaren egoerari, eta gaurkotasuna duten beste gai batzuei buruz kantatzen dute. 

Platerueneko urtarrilaren 24ko kontzertuan, eurek sorturiko kantak, eta Ramones, Txapelpunk edo Deskontrolen bertsioak ere joko dituzte.

Orain arte, gaztetxe eta tabernetan jo dute, baina ez dute zuzeneko askorik eskaintzeko aukerarik izan. "Eskertzekoa, aukera oso ona da Plateruenean jo ahal izatea", diote gazteek. Hala ere, antzokian jotzeak errespetua ematen diela ere onartu dute:"Agertokia ere, ohituta gaudena baino handiagoa da; eta inpresio apur bat egiten du jakiteak bertan nortzuek jo izan duten, eta nortzuk diren aritzekoak...". Baina argi daukate: "Dakiguna jotzera joango gara gu, disfrutatzera".

Kanta bizkorrak zein lasaiagoak ere gustatzen zaizkie: denetariko musika entzuten dute. Adibidez, Elorrioko Iheskide edo Sermonds dituzte gogoko: "Ederra litzateke eurak dauden lekura ailegatzea!", diote. Arriola antzokiaren behealdeko lokaletan entseatzen duten eta esperientzia handiagoa duten taldeen jarduna entzutera ere joaten dira: "Eurek egiten zebiltzana entzuteko atera izan gara inoiz pasillora".

Martxoko Durangoko Greatest Hits jaialdian parte hartu gura dute, eta Elorrioko gaztetxearen urteurreneko bertsioen gauean ere entzungai izango dira Amorruren kantak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!