Desertua, garagardoa, kaktusak eta musika gordina: Baghdad

Anboto 2014ko urt. 21a, 11:00

Udazkenean batu ziren Asier Garate, Jon Perez, Urtzi Egia, Paul Baños eta Aritz Maldonado gazte durangarrak Baghdad izeneko proiektuan. Lehenago hainbat taldetan (Fision Boys, Sus Scrofa, Kanpai Julai, Midnight Murders, Konorterik gabe, Delirium Tren-Ez eta Puto Bastardo, adibidez) aritutakoak dira musikariok.

 

Lehenagotik ere elkar ezagutzen du boskoteak, eta, esan dutenez, inoiz egin izan dute berba talde bat sortzearen inguruan:"Tabernan edo kontzerturen batean elkartu, eta ‘noiz edo noiz horrelako zerbait egin behar dugu’ komentatu izan dugu sarri".

Baghdad taldean "zerbait astuna egitea da gure asmoa", diote; eta egindakoa irudi batekin adierazi: "Desertua, garagardoa, 40 graduko beroa, kaktusak...". Hain justu, ideia horretatik datoz taldearen izena eta logoa. 

Entsegu lokaleko giro ona islatu gura dute Baghdadekoek Platerueneko urtarrilaren 24ko kontzertuan: "Garagardoa edan eta ondo pasatzea da gure helbura”. Emanaldiari begira “gogotsu eta urduri" daudela diote, "Plateruena plaza handia eta profesionala delako". 

Aurretik Fision Boys taldeak erabiltzen zuen lokalean entseatzen dute Baghdadeko kideek, eta "horrek taldeari lehenengo pausoak ematea erraztu dio. Lokala astean lau orduz erabiltzeko aukera daukagu, eta doakoa da". Musikarien arabera, "musika nahiko hobby garestia da, eta doako lokal bat izatea aukera izugarria da".  Gainera, Plateruenean ez ezik, beste edozein gaztetxe edo tabernatan jotzeko prest daudela adierazi dute taldekideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!