Udala pozik agertu da EAEko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenagaz.
2011n Elorrioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren kontrako (HAPO) salaketa ipini zuen Auzo Koordinadorak, bide administratiboa amaitu eta gero. Bada, EAEko Auzitegi Nagusiak HAPOa onartu du, baina bertan zehazten den eremu bat ez: Berrio-Zabaleta. Koordinadora erabaki oso hori errekurritzea aztertzen dabil.
Udala pozik agertu da ebazpenagaz. Onartuta geratzen dira San Anton Barriako babes ofizialeko 52 etxebizitzak, eta Pulla-Azkarretan 10,50 hektareako industriagunea. Ordezkariek uste dute ebazpenak Elorrioren garapen estrategikoa bermatzen duela babes ofizialeko etxeen eta industriaren arloan.
Baina koordinadorak azaldu du eurei ere arrazoia eman dietela Berrio-Zabaleta eremuaren gaian, eta horrek HAPO guztian eragingo duela. Lince enpresa zegoen eremu librea zehaztu barik geratu zen. Horri funtzio bat eman behar zaiola esan du Auzitegiak. Koordinadorakoen ustez, hor etxeak edo fabrikak eraiki behar badira HAPOko proiektuak aldatu beharko dira. Euren iritziz, hobe da industriagunea hor eraikitzea, eta Pulla-Azkarretako nekazal lurrak ez ukitzea.
Joseba Mujika alkateordeak esan du Berrio-Zabaletako eremurako aurreikusitako erabilera ez dela aldatuko. Hor ere etxeak egitea pentsatuta dagoela, eta etorkizuneko zatikako plan batean zehaztuko dela.