Industriaguneaz galdetu eta bizilagunenganako inpaktua gutxitzea da udalaren helburua.
Pulla-Azkarretako industriaguneari buruzko iritzia eskatu du asteon udalak. Bizilagunenganako inpaktua gutxitzea dute helburu, Joseba Mujika alkateordeak esan duenez. Esaterako, industriaguneko lehenengo eraikinaren sabaia etxeen altueraz azpitik geratuko litzateke. Auzokoak batzen dituen plataformak, San Anton Bizirikek, adierazi du ingurunea zelan eraiki galdetzen ibili direla, eta hori “adarjotzea” dela uste dute. Dokumentu bat banatu dute herriko postontzietan, eta gobernu taldea kritikatu dute. “Momentu honetan, Pulla-Azkarreta industriagunean gereziondo ala izeirik, teilatu berde ala metalikorik nahi dugun galdetzea burla egitea dela iruditzen zaigu”.
Lur horiek, Sprilurrek –Eusko Jaurlaritzaren menpekoa, enpresa sektorea sustatzea du helburu– erosi zituen 2002an. Industriagunea, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean zehaztu zuen udalak 2011n. Elorrioko Auzo Koordinadorak ohartarazi du Plan Orokorra errekurritu zuela epaitegietan –bide administratiboa amaitu zenean–, eta oraindik ez dagoela sententziarik: “Zergatik dauka Sprilurrek hainbesteko premia orain?”. Mujikak adierazi du, proiektuaren txosten teknikoa abuztua aurretik batzordean lantzea itxaroten dutela.
Plataformak eta koordinadorak bat egin dute eskaera batean: industriarako, landa eremuak beharrean, baztertuta edo hutsik dauden pabiloi eta industria lurzoruak erabiltzea. Esan dute hamazazpi hektarea daudela baldintza horietan. Durangaldeko Lurraldearen Zatikako Planean irizpide berbera agertzen dela diote, euren argudioa indartzeko. Gaur, herriko plazan ipiniko du udalak informazio karpa, eta koordinadorak ere bere iritzia azalduko du bertan.