Plan orokorraren ebazpenak iritzi desberdinak sortu ditu

Anboto 2013ko aza. 7a, 16:46

Udala pozik agertu da EAEko Auzitegi Nagusiak emandako sententziagaz, Pulla-Azkarretan industrigunea sortu ahalko delako, eta San Anton Barrian etxeak eraiki ere bai. Baina, Elorrioko Auzo Koordinadorak adierazi du sententzia ez dela guztiz euren errekurtsoaren kontrakoa. Horregatik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean eragin handia daukala

Udala pozik agertu da EAEko Auzitegi Nagusiak emandako sententziagaz, Pulla-Azkarretan industrigunea sortu ahalko delako, eta San Anton Barrian etxeak eraiki ere bai. Baina, Elorrioko Auzo Koordinadorak adierazi du sententzia ez dela guztiz euren errekurtsoaren kontrakoa. Horregatik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean eragin handia daukala.

 

Udalak prentsa oharra bidali du esanez Auzo Koordinadorak HAPOren kontra jarritako salaketa EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota duela, udalaren alde ebatzi duela. Horren arabera, onartuta geratzen dira San Anton Barriako 52 etxebizitzak -babesekoak-, eta Pulla-Azkarretan 97.000 metro karratuko industrigunea. Udaleko ordezkariek adierazi dute ebazpenak Elorrioren garapen estrategikoa bermatzen duela, babeseko etxebizitzen eta industriaren arloan.

 

Baina, Auzo Koordinadorak azaldu du eurei ere arrazoia eman dietela gai batean. HAPOn lur eremu bat jardueraz kanpo geratzea aurreikusten zela diote, eta hori legez kanpokoa dela ebatzi duela epaileak. Ondorioz, lur horiek urbanizatzera behartuta egongo litzateke udala. Auzo Koordinadorakoek esan dute egoera horrek aurreikuspen ekonomikoak aldatu eta guztia zalantzan ipintzen duela. Bestalde, ez daude ados Pulla-Azakarretako erabakiagaz, eta errekurritu ala ez aztertzen dabiltza.

 

Auzo Koordinadorak 2011n ipini zuen salaketa, prozedura administratiboa amaitu eta gero. HAPOren kontra gogor egin izan dute. eta hainbat arrazoi ipini izan dituzte. Besteak beste, alde zaharraren bueltako ondarea ez duela errespetatzen, eta Pulla-Azkarretako nekazal lurren okupazioa onartezina dela uste dute. Plana onartu aurreko partaidetza prozesua ere kritikatu izan dute, ondorioak ez ei zirelako txostenean txertatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!