Epaileek esan dute fiskalak ez duela frogatu ETAko kide biri bere pasaportea borondatez eman izana.
Luis Zengotitabengoa elorriarra absolbitu egin dute Audientzia Nazionaleko epaileek. ETAgaz kolaboratzea egozten zioten. 2010eko otsailean Portugalera bidean lehergailuz betetako furgoneta batean zihoazen Garikoitz Garcia eta Iratxe Yañez, eta poliziaren kontrolagaz topo egin zuten. Ibilgailu horretan Zengotitabengoaren pasaportea aurkitu zuten. Polizia elorriarraren etxera joan zen, baina ordurako ihes egin zuen. 2010eko abuztuan Belgikan atxilotu zuten Zengotitabengoa eta, babes politikoa eskatu arren, Espainiaratzea onartu zuen Brujasko auzitegiak. Urte bereko urrian geratu zen aske.
Orain aste bi eduki zuten epaiketa Madrilen hirurek, eta gaur epaileek elorriarra absolbitzea erabaki dute. Garciari 37 urteko zigorra ezarri diote, eta Yañezi 22koa. Epaileek esan dute fiskalak ez duela frogatu Zengotitabengoak bere pasaportea borondatez eman izana Garcia eta Yañezi. Hauek biak Portugalera bidean zihoazen eta, hain justu ere, beranduago herrialde horretan atxilotu zuten Zengotitabengoaren anaia Andoni. Azken hau Portugalen dago zigorra betetzen.