Tortura eta inkomunikazioa salatzen dituen mozioa onartu dute

Anboto 2010ko mar. 12a, 10:40

Azken asteetako atxiloketen harira eta horietako bat Adur Aristegi elorriarra dela kontuan hartuta, Elorrioko udalbatzarrak tortura salatzen duen eta inkomunikazioaren amaiera eskatzen duen mozioa onartu zuen. Ezker abertzaleen botoekin irten zen aurrera mozioa; PSE-EEk aurka bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen.

Mozioak inkomunikazio egoerarekin amaitzeaz gainera, Entzutegi Nazionalaren eskumenen desagerpena eta epaile naturalaren eskubidea bermatzea eskatzen du; baita atxilotu guztiek konfiantzazko mediku baten bisita pribatua edukitzeko eskubidea ere, bai komisaldegian bai auzitegian. Horrez gainera, Niko Moreno alkateak Espainian tortura "modu sistematikoan" erabiltzen dela salatu zuen eta azken zortzi urteetan izandako tortura salaketak aipatu zituen: "Denbora tarte horretan 955 atxiloketa eman dira Espainiar Estatuan eta 356 Frantzian. Frantzian lau tortura salaketa eman dira eta Espainiar Estatuan 630. Kopuru eta datu argigarriak dira. Estatu horri bide luzea falta zaio demokratikoa izateko".

Jendez beteta zegoen udalbatzarrean, Adur Aristegiren aita Jesus Aristegik bere semeak "jasandako torturen" testigantza eman zuen; "biluztu eta lotu" egin zutela eta "elektrodoekin torturatu" zutela, besteak beste. Azken egunetan, hainbat hedabidetan bere semeari buruz kontatutakoak "gezur biribilak" direla ere salatu zuen. 

EAJko zinegotzi Ana Otaduik berak ordezkatzen duen alderdia "tortura mota ororen kontra" dagoela adierazi zuen eta behin baino gehiagotan aldarrikatu dituztela "giza eskubide guztiak pertsona guztientzako". Hala ere, ez zutela baiezko botoa emango aurreratu zuen, mozioak "bake prozesua eta normalizazio prozesua nahasten dituelako". Horren ordez mozio alternatibo bat aurkeztu zuen. Mozio horretan, batetik, tortura jarduerak salatzen zituzten eta, bestetik, ETAren desagerpena eskatzen zuten. Mozio hori ez zen onartu ezker abertzaleak eta PSE-EEk kontra bozkatu zutelako.

Mari Carmen Muñoz PSE-EEko zinegotziak mozio bien kontra bozkatu zuen. "Batzuei gustatu zein ez demokrazian eta zuzenbide estatuan" bizi direla adierazi zuen eta berak ere ezagutzen dituela tortura jasan dituztenen senitartekoak eta euren bisitak: "Baina bisita horiek hilerrira egin behar izaten dituzte". Gaineratu zuenez, "naziak eta faxistak dira hiltzen dutenak, eta beren ideiak biolentziaren bidez inposatu nahi dituztenak; eta horiek sostengatu eta justifikatzen dituztenak gaiztoak dira".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!