Zapatuan espetxeratu zuten elorriarra, eta inkomunikazio aldian torturatua izan dela salatu du.
Zapatuan espetxeratu zuten elorriarra, eta inkomunikazio aldian torturatua izan dela salatu du.
Aste honetan Katalunian atxilotutako Adur Aristegi, Faustino Marcos eta Jon Rosales espetxeratzeko agindu zuen zapatuan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak. Atxilotu zituztenetik inkomunikatuta egon dira hirurak, eta torturatuak izan direla salatu dute.
Aristegiren kasuan, Guardia Zibilaren partetik iraunkorki kolpatua izan dela esan dio abokatuari. Poltsa ere sarritan ipini diotela, eta elektrodo eta bainerarekin mehatxatu dutela. Uzkitik makila sartzen saiatu direla ere salatu du, baina ez dutela lortu. Begiak estalita eta postura gatxetan egon dira bera eta Rosales atxilo aldi osoan. Kataluniako poliziak emandako tratua egokia izan dela aipatu dute biek.
Rosalesi Ibai Beobide ustezko etakidearekin harremana izatea leporatu die epaileak autoan, eta Aristegiri, Rosalesi ihes egiten lagundu izana. Marcos, aldiz, lehergaia gordetzeko eta haiek prestatzeko toki bila joan zela Kataluniara jasotzen du autoak.
Salaketa
Bestalde, Rothenberger enpresako komiteak enpresa horretako langile baten semea atxilotzea salatu du. Aldi berean \"gazte honen eta gainerako atxilotuen osasun egoeragatik ardura adierazi\" nahi izan du, \"inkomunikazio egoeran torturak jasotzeko arrisku larrian daudelako.\" \"Salbuespen egoera\" salatu eta konponbiderako elkarrizketa jo dute tresnatzat.
Elorrion atxiloketa salatzeko protestak egin dituzte egunotan.