Aurtengo Durangoko Azoka berezia izango da zuentzat.
Eva Galván: Durangoko Azoka beti izaten da berezia guretzat. Aurtengoan, apur bat gehiago.
Deyene Fernández: Hala da, bai. Durangoko Azoka izaten den egunetan oso ondo lan egiten da. Gainera, oso giro polita eta jatorra sortzen da normalean.
Egun hauetan lan asko izango duzue dena prestatzeko. Jende asko etortzea espero duzue?
E.G.: Dena prestatzen gabiltza, bai. Baliteke jende gehiago etortzea, baina, tira, lokala txikia da eta kabitzen garenok sartuko gara, gehiago ez.
D.F.: Azokak irauten duen egunetako lana baino gatxagoa izaten da askotan aurretik egin behar den kudeaketa lana. Aurten zer guragoko du bezeroak? Ardo zuria, sagardoa, kriantza, salda, txorizoa... eguraldi ona egingo ote du? Horrek guzti horrek buruko min gehiago ematen du (barrez). Dena dela, etortzeko diren guztiak besoak zabalik hartuko ditugu.
Azkenaldian Palentinoa denen ahotan dago, Peiremans+ taldeak tabernari abestia eskaini eta gero. Igarri duzue zuen egunerokoan?
D.F.: Egia esanda, publizitate handia izan dugu. Horrelako aukerak izatea oso polita da eta eskura etortzen direnean benetan da eskertzekoa. Hainbat lagun etorri zaigu sekulakoa izan dela esatera. Baina gure egunerokoa ez da aldatu.
E.G.: Bezeroren batek esan digu orain famatu bihurtu garela.
Bideoklipa ere bertan grabatu zuten. Zelako esperiantzia izan da?
E.G.: Produkzio-etxea etorri zenean eta abestia ipini zigutenean aho bazalik geratu ginen. Eta ea tabernan grabatzeko aukerarik izango zuten galdetu zigutenean dudarik barik onartu genuen. Esperientzia itzela izan zen. Pentsatu ere ez nuen egiten hainbeste pantaila, argi eta foku ipiniko zituztenik. Oso egun polita izan zen.
D.F.: Oso egun luzea izan zen, orduantxe sanfaustoak amaitu berri, gainera. Baina oso esperientzia polita izan zen. Askotariko jendea etorri zen, artista mordoa, eta bakoitza bere energia propioagaz. Denen artean oso energia polita sortu zen.
E.G.: Itziar Ituñok denak dantzan ipini zituen (barrez). Pertsona zoragarria da.
Peiremans taldearen jarraitzaile izan zarete?
E.G.: Bai, Peiremans eta Gorka Urbizuren jarraitzaile izandakoa naiz. Eta Gorka gertutik ezagutzeko aukera zirraragarria izan da. Oso gertukoa eta jatorra da, gainera.
D.F.: Peiremans taldeari baino gehiago, Berri Txarrak taldeari jarraitu diot.
Musikari, idazle eta kulturazale askoren topagune izan da Palentinoa urteetan. Gaur egun ere hala mantentzen da?
D.F.: Bai, hainbat sortzaile etortzen da tabernara. Hala ere, bezero guztiak berdin tratatzen ditugu, nor den begiratu barik.
E.G.: Lehenago, Landako Guneko edo Platerueneko zalapartatik irteteko etortzen ziren Palentinora, eta gaur egun ere hainbat sortzaileren topagune izaten jarraitzen du.
D.F.: Eskuahaldunak Eskultoreen Elkartekoak ere etortzen dira.
Baduzue kontatzeko moduko pasarterik?
E.G.: Pasarte asko izan dugu. Inoiz bat-batean sorturiko kontzertu pribatuak eman dituzte tabernaren aurrealdean, oso artista ezagunak eta ez horren ezagunak elkartuta, adibidez. Gogoan dut baita ere Pello Reparazek tabernan jarraitzaile mordoagaz topo egin zuenekoa; komunetik irteten ere ez zioten utzi ia.
D.F.: Giro polita sortzen da.
Tabernara sartu den zein artista duzue bereziki gogoan?
E.G.: Gatibuko Haimar Arejitak beti ematen dizkigu animoak.
D.F.: Aiora eta Piti, adibidez. Dena dela, orokorrean oso jatorrak dira denak.
MOTZEAN
Kaña ala kafea?
Biak: Kaña.
Musikari edo talde bat?
D.F.: Marea.
E.G.: Gatibu.
Azokan erosteko...
D.F.: Lagun batentzat diskoa.
E.G.: Alabentzat liburuak.
Plater bat?
D.F.: Arrautza frijituak patatekin.
E.G.: Txipiroiak