[BIDEOA] Durangoko Azokan batzen den "fauna desberdinari" maitasun kanta

Aritz Maldonado

Peiremans+ taldeak Hirugarren mailan diskoa aurkeztu du gaur Durangon. Bost kantako diskoa da, eta tartean, aurrekoan estreinatu zuten Durangoko Palentinoa dago. Bertan egin dute, hain zuzen ere, aurkezpen ekitaldi berezia. Taldeak hemeretzi datako bira du aurretik, eta besteak beste, abenduaren 6an Plateruenean kontzertua eskainiko dute. Sarrerak Durangoko Azokan erosi ahalko dira. 

"Harrituta" daude Peiremans+ taldeko kideak, taldearen itzulerak eta abesti berriek izan duten harreragaz. "Sei kontzertuko bira zena, hemeretzi datakoa bihurtu da", azaldu du Imanol Ubeda taldekideak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Apirilean hasi ziren itzultzeko ideiagaz buruan, eta hilabeteotan lan dezente egiten ari direla azaldu dute, baita ere. "2026a nire hurrengo bakarkako lanerako ideiak batzeko eta garatzeko urtea zen berez, baina azkenean honetan joan zait urte erdia", azpimarratu, barre artean, Gorka Urbizuk. 

Durangogaz eta Azokagaz duten harremanari buruz ere azalpen gehiago eskaini dituzte. "Peiremans+ taldearen marketako bat powerpop doinuetarako zaletasuna da, baina baita autoparodiarako joera ere. Durangoko Palentinoa ere hortik doa. Bertan elkartzen gara Azokako fauna desberdina. Kantu umoretsu bat da, maitasun kanta bat eszenari. Xextrak xextra, elkar ulertzera kondenaturik gaude". Bira honetan, Marino Goñiren hutsunea Julen Ceballosek beteko du. Hirugarren mailan grabaketak Paco Locorekin egin dituzte. "Jonan Ordorika zenaren laguna da bera. Euskal eszena ezagutzen du, eta nahiko erraz konektatu dugu", laburtu du Haritz Beristain 'Txiki'-k. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!