ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: Peiremans+ taldeak Durangoko Palentinoan filmatu du bere lehenengo bideoklipa

Ekaitz Herrera / Maialen Zuazubiskar

Peiremans+ pop rock taldea bueltan da, eta inoiz baino durangarrago gainera. Taldeak Durangoko Palentinoari eskaini dio kantu bat, eta taberna horretan bertan filmatu du, hain zuzen ere, abestiaren bideoklipa. Grabatze lanak urriaren 19an egin zituzten, Euskal Herriko askotariko musikariak, aktoreak zein idazleak lagun. Filmaketa horren lekuko izan zen ANBOTO.

"Durangoko Azokako egunetan giro berezia sortzen da Palentinoan. Kultura munduko fauna hemen batzen da, eta giro berezia sortzen da. Pentsatu genuen polita izan zitekeela kantu bat hemen girotzea eta gure eszenarentzako kantu bat sortzea", azaldu du abestiaren jatorria Gorka Urbizuk. 

Peiremansek gaur bertan sareratu du bideoklipa, eta ANBOTOk making off deritzonaren lagin txiki hau publikatu du. Izan ere, hedabide honetako kazetariak filmaketaren lekuko izatera hurbildu ziren Palentinora, urriaren 19an, eta hango giroa jaso zuten. Euskal Herriko eszenako sortzaileak jo eta ke harrapatu genituen plano eta sekuentzia artean grabaketan parte hartzen: Itziar Ituño, Edurne Azkarate, Flakofonki, Kiliki, Joseba Sarrionandia, Izaro, Amets Aranguren, Gotzon Barandiaran eta Oier Guillan, besteak beste. Bideoklipa Arriguri ekoiztetxeak filmatu du.

Argitalpen berri bi

Peiremans+ taldea indartsu dator Durangoko Azokara. Batetik, LP batean batu dituzte beren lehenengo diskoko eta bigarren diskoko kantuak, eta argitalpen bateratu hori biniloan zein CDan dago honezkero, salgai. Bestetik, disko berri bat plazaratuko dute, hirugarrena. Bost kantu izango ditu, tartean, Durangoko Palentinoan. Binilo txiki batek eta CD batek osatuko dute argitalpen hori. Hortik aurrera, taldeak zuzenekoetan ipiniko ditu indarrak: "Emanaldi ugari dugu aurretik, eta berotze lanetarako hiru gaztetxetan egingo ditugu emanaldiak", iragarri du Imanol Ubedak.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!