Azokaren prestaketa lanak azken txanpan sartu dira hilabeteetako lanaren ostean. Erakusmahaiz beteta egongo da Landako Gunea aurten ere. Guztira, 174 partaide etorriko dira eta 286 stand atonduko dituzte. Bertan, 2026an argitaratutako 1.098 nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, hala nola jolasak, laminak eta papertegiko produktuak. "Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau anitza eta aberatsa izango dugu aurtengo Durangoko Azokan. Horregatik, jaialdi honetan murgiltzeko eta arakatzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale berriei. Izan ere, Durangoko Azoka, ezagutzen duguna, eta askoz gehiago da", nabarmendu du Gaztelurrutiak. Bestalde, 311 ekitaldi programatu dituzte, Azokako askotariko guneetan plazaratuko direnal Iazko bideari jarraituz, aurten ere, iluntze eta gauetako ikuskizun bereziak izango dira.
Aurtengo kontzertuak hauek izango dira:
- Abenduak 4an Beire eta Txopet.
- Abenduak 5ean, Mikosis eta TOC.
- Abenduak 6an, Peiremans.
- Abenduak 7an, Musika Berria jaialdia: Verde Prato, Silitia eta Malakias.
Kontzertuez gain, beste hainbat ikuskizun ere egingo dituzte iluntzean. Abenduaren 5ean, adibidez, Izanen GA! errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(h)arri pieza eszenikoa izango dira; 6an Oraingoz izen gabe filma eskainiko da, estreinatu eta 40 urtera; abenduaren 7an Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua izango dira.
Aipaturikoez gainera, Sormen Bekak ere bere lekua izango du. Batetik, iazko irabazleen argitalpena ezagutu ahalko da, hau da, Usue Egiak, Ainhoa Olasok eta Mikel Urdangarinek osaturiko Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia. Bestalde, aurtengo irabazlea, musika proiektu bat izango dena, abenduaren 5ean emango dute ezagutzera, Talaian.
Egitarau osoa, Durangoko Azokaren atarian kontsultatu ahalko dute interesa dutenek. Aurtengo Durangoko Azokaren aurrekontua 790.000 eurokoa da.