Antso Estegiz kaleak oinezkoei emango die lehentasuna, plataforma bakarreko diseinuarekin

Anboto

Abian dira Durangon Antso Estegiz kaleko berrurbanizazioaren bigarren faseko lanak. Proiektuak 1.480.647 euroko inbertsioa du eta lanak egiteko aurreikusitako epea 14 hilabetekoa da, udalak ohar batean zehaztu duenez.

Construcciones Lasuen SA enpresa ari da lanak egiten, Komentukalea eta Erretentxu kalearen arteko tartean, 2.820 metro koadro inguruko azaleran. Esku-hartzearen bidez, hiri-eremu hori berrantolatuko da, oinezkoei lehentasun handiagoa emateko.

Aldaketa nagusietako bat plataforma partekatu bat sortzea izango da, zoladura guztiak maila berean jarrita eta oinezkoei lehentasuna emanda. Ibilgailuen zirkulazioa bertako bizilagunentzat eta zamalanetarako soilik baimenduko da, eta espaloiek, oro har, 4,5 metroko zabalera izango dute. 

Eraldaketak ingurunea hobetzeko elementu berriak ere ekarriko ditu. Zuhaitzak landatuko dira, loreontzi handiak eta hiri-altzariak jarriko dira eta LED argi berriak instalatuko dira.

Proiektuaren barruan azpiegiturak hobetuko dira, hala nola, saneamendurako lurpeko sareak eta euri-uraren kudeaketa hobetzeko drainatze jasangarriko sistemak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!