Durangoko EH Bildu kexu, Antso Estegizko egokitzapenak "60 aparkaleku inguru" kenduko dituela-eta

E.H.

Subiranistek diotenez, auzotarrak "kezkatuta" daude, "obrak berehala hasi behar direnean aparkatzeko irtenbiderik ez dutelako". Egoera "udal gobernuaren plangintza faltari" zor zaiola uste du EH Bilduk.

Antso Estegiz kaleko beherengo zatia berrurbanizatzen hasiko direla eta, EH Bilduk "plangintza falta" leporatu dio gobernu taldeari. Obra horiek "60 aparkaleku inguru" kenduko dituztela dio talde subiranistak, eta, horren eraginez, auzotarrak "kezkatuta" daudela: "Hiru urte eta erdiko atzerapenen eta aitzakien ondoren, lanak urriaren 19an hasiko dira, 60 aparkaleku inguru kenduz, eta Udalak oraindik ez du alternatibarik bermatu kaltetutako bizilagunentzat", kritikatu du koalizioak.

Gaineratu dutenez, egoera "larriagotu" egin da Antso Estegiz inguruko beste jarduketa batzuen harira. Juan Itziarko obrek eta Zumar kaleko obrek aparkatzeko aukerak "murrizten" dituztela plazaratu dute subiranistek, eta Larrasoloetako aparkaleku berriaren harira, azpiegitura  ez dela "kaltetutako egoiliarren beharrizanei erantzuteko antolatu" kritikatu dute. Azpiegitura horri dagokionez, EH Bilduk egoiliarrentzako aparkaleku-eremua, TAO laranja, zabaltzea proposatu du Antso Estegizko goiko alde berritura, Juan de Itziarrekin paraleloan dagoen zatira, Erretentxu kalera eta San Frantzisko kale osora. Neurri horri eskerrak egoiliarren aparkalekua "lehenetsi" ahalko litzatekeela iritzi dio EH Bilduk. Halaber, EAJri ere zuzendu diote kritika:  "Arazoa ez da alternatibarik ez dagoela, EAJk martxan jartzen ez dituela baizik. Udalak proposamen hau aztertu eta aplikatu behar du, bizilagunek udal gobernuaren plangintza faltaren ondorioak jasan ez ditzaten". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!