Maialen Bilbao Espainiako txapeldunorde geratu da Ohorezko Mailaurreko Kluben Arteko Frontenis Txapelketan (bola azkarra). Joan zen domekan Getafen jokatu zen finala eta durangarrak Ana Garciarekin osatu zuen bikotea. Tenerifeko Club Náutico taldearen aurka galdu zuten azken norgehiagoka. Ciudad Rodrigo herriko (Salamanka) Río Águeda kluba ordezkatuz jokatu zuten.
Bilbaok badaki Espainiako txapeldun geratzea zer den. Iazko irailean jantzi zuen txapela, Zaragozan, kasu horretan pilota motelarekin. Orduan ere Ana García izan zuen bikotekide.
Aurrelari onena
Denboraldia amaitzear dagoen honetan, Gaztela eta Leongo ligan ere maila bikaina erakutsi du. Une honetan lehen postuan dago aurrelari onenaren eta jokalaririk erregularrenaren sailkapenetan. Liga domeka honetan (ekainak 14) amaituko da Burgosen.
Bestalde, Euskal Selekzioarekin Argentinan jokatuko den 30 metroko Nazioen Ligan parte hartzeko aurrehautagaien artean dago.
Durangaldean frontenisa sustatzeko lanean ere badabil Maialen Bilbao. Martxoaren amaieran, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan frontenis mistoko eta emakumezkoen txapelketa antolatu zuen, eta berak irabazi zuen proba mistoa Diego Romero errioxarrarekin bikote eginda; emakumezkoenean, berriz, bigarren sailkatu zen Ana García salamankarrarekin batera.