Maialen Bilbao durangarrak eta Ana Garcia salamankarrak kluben arteko Espainiako binakako txapelketa irabazi dute frontenisean. Joan zen domekan jokatu zuten finala, Zaragozan. Irabazleek Salamankako Rio Agueda kluba ordezkatu zuten.
Finalean Logroño klubeko Lorena Barrón eta Sandra Establiet izan zituzten aurkari. Hirugarren setean erabaki zen txapelduna: 15-11 /13-14 / 10-4. "Ez genuen irabazterik espero. Batez ere, esperientzia bizitzera joan ginen. Horrekin batera, emakumeok ikuskizuna eskaini dezakegula erakutsi gura genuen, txapelketako pilota klasearekin ez dabilelako emakume askorik momentuz", adierazi du Bilbaok.
Aurrelari durangarra Euskal Pilota Selekzioagaz munduko txapelketan aritzeko hautatuen artean dago. Txapelketa hori urriaren erdialdean jokatuko da, Mexikon. Lan kontuak medio, oraindik ez daki joateko aukerarik izango duen.
Kirol askotan ibilia, Bilbaok lau bat urte daramatza frontenisean eta urterik urtera gora egin du. Esaterako, iaz Mallabiko txapelketako buruz buruko eta binakako txapelak jantzi zituen, besteak beste.