Irene Oguizak 2029ra arte luzatu du kontratua Athleticekin

J.D. 2026ko ekainaren 4a

Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Irene Oguiza kontratua sinatzen. (Argazkia eta bideoa: Athletic Club)

26 urteko durangarra lehen taldeko kapitaina da eta zazpi denboralditan ehun partidu baino gehiago jokatu ditu talde zuri-gorriarekin.

Athletic Clubek eta Irene Oguizak erdilariaren kontratua hiru denboraldiz luzatzea adostu dute, 2029ko ekainaren 30era arte, klub zurigorriak iragarri duenez. 26 urteko durangarra lehen taldeko kapitaina da eta zazpi denboralditan ehun partidu baino gehiago jokatu ditu talde zuri-gorriarekin. Zehazki 113 neurketa ofizial jokatu eta 14 gol sartu ditu. "Bizkaitarrak funtsezko pieza izaten jarraituko du zuri-gorrien aldagelan", nabarmendu du klubak ohar batean. Hurrengoa zortzigarren denboraldia izango du. 

Durangoko Ezkurdi taldean hezia, duela hamarkada bat iritsi zen Lezamara bigarren taldean sartzeko. Erdilariak 2020ko urtarrilean egin zuen debuta lehen taldean, Angel Villacamparen eskutik, eta belauneko lesio larria izan zuen, maila gorenean agertu eta gutxira. "Denboraldi hauetan zehar, Irene Oguiza heldu egin da eta lidergoaren eredu bihurtu da kapitainaren besokoa eramatean; zelai erdian, iparrorratza", diote klubetik. 

Akordioa Ibaigane Jauregian sinatu da, Jon Uriarte presidentea eta Xabi Arrieta Emakumezkoen Futbol zuzendaria bertan zirela. Ogiza pozik agertu da kontratua berritzearekin: "Oso berezia da. Oso pozik nago Athleticen beste hiru urtez jarraitzeagatik. Klubari nigan jarritako konfiantza eskertzen diot. Konfiantza handia dut dugun proiektuan, gaztea eta anbizioz beterikoa delako. Maitasun guztia errendimendu moduan itzuli nahi dut hurrengo denboraldietan", adierazi du Ogizak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!