Gauza jakina da aurrekontu eta piroteknia handirik barik gauza ederrak sortu daitezkeena. Durangoko Napar elkarteko kideek, gutxienez, argi utzi dute hori bart egindako pintxo dueluan. Petri Estudillo eta Iban Rodriguez elkarteko bazkideak elkarren kontra lehiatu dira pintxotan, laguntzaile banarekin. Iker Mendieta izan zen Estudilloren sukalde-laguntzailea, eta Borja Berasaluze Rodriguezena.
Aurrez aurre, urduritasuna, sormena eta bina pintxo. Hotza bata; beroa, bestea. Hori guztia, eta elkartean baturiko hogeita hamar lagun. Gosetuak eta ikusminez beteak, pintxorik ederrenak ahoratzeko zain. Izan ere, azken horiek puntuatu zuten pintxo bakoitza, mokaduen zaporea, testura eta originaltasuna ebaluatuta. Balantzak Petri Estudilloren alde egin zuen puntu bakarragatik. 747 lortu zituen berak, eta 746 Rodriguezek.
Irudimen bezainbeste osagai
Petri Estudillok Andaluziako osagaiak erabili zituen bere pintxo hotza kozinatzeko. "Sevillarra naiz, eta Andaluzia erabili dut inspirazio iturri modura", azaldu zuen. Hori horrela, cracker baten gainean ezarri zituen, geruzaz geruza, mazamorra, gelatina-ore bihurtutako laranja zukua, mahatsa, bakailaoa eta tipula ozpindua. Rodriguezek, berriz, ogi xerra hazitu baten gainean aurkeztu zituen pikillo piperragaz egindako krema, berdel ondua, ziapea eta lore jangarriak. "Bide batez, kopa bat ere sortu dut, guztion artean topa egin dezagun", gonbidatu zuen sukaldariak topa egitera. Gazpatxo tranpantojoa aurkeztu zuen.
Bigarren pintxoan, Estudillok oilaskoa patatekin aurkeztu zuen. Mokadu sinplea itxura batean, baina uste baino landuagoa: "Izan ere, pasteltxo batek lagunduta dago. Idiazabal gaztarekin eta gurinarekin prestatutako pasteltxoak, labetik eta zartaginetik igarotakoak. Era berean, pintxoak cherry tomate infusionatua dauka, baita nire amak kozinatu ohi duen saltsa sekretu bat ere". Rodriguezek, aldiz, "bekatu nagusiekin" osaturiko pintxoa aurkeztu zuen. Edalontzi erakargarri eta sendoa, hirugiharrak, marmeladak, onddo risottoak, masail-okela xehatuak eta arrautza gorringoak beteta. Sukaldariak dena nahastuta jatera gonbidatu zituen afaltiarrak.
Sukaldariek elkarteko logoagaz serigrafiatutako amantal bana irabazi zuten, baita Katazka tabernan hartzeko gosari bana ere. Datorren urtean, hirugarren edizioa antolatuko dutela iragarri dute Napar elkarteko kideek. Sukaldariak zeintzuk izango diren, baina, misterioa da oraindik.