Ez Masterchef, ez Bake Off: Durangon, pintxo duelua

Ekaitz Herrera 2026ko maiatzaren 12a

Iazko arrakasta ikusita, Napar elkarteko kideek pintxo duelua egingo dute aurten ere. Dagoeneko, zeintzuk sukaldari lehiatuko diren jakinarazi dute. Bina pintxo prestatu beharko du bakoitza. Hotza bata; beroa, bestea. 

Telebistako lehiaketa gastronomiko erraldoien inbidiarik barik, Durangoko Napar elkartean pintxo duelua egingo dute bigarrenez. Hitzordua prest dago: maiatzaren 28an izango da, eta elkarteko kide bi ibiliko dira mokadurik ederrenak prestatzeko lehian: Petri Estudillo eta Iban Rodriguez. Sukaldari bakoitzak bina pintxo prestatu beharko ditu. Hotza bata, eta beroa bestea. "Iaz, oso gustura gelditu ginen emaitzarekin. Bertaraturikoak, bai sukaldariak bai parte hartzaileak, pozarren egon ziren. Beraz, arrakasta ikusita, aurten pintxo duelua errepikatzea erabaki dugu", esan du Gaizka Mendiola Napar txokoko kideak.

30 afaltiarrek parte hartuko dute hitzorduan, eta lau pintxoak dastatu ondoren, horiek ebatziko dute zein den lehiaketako irabazlea: Estudillo edo Rodriguez. Mokaduak laguntzeko Solaguen upategiko ardoak izango dituzte lagun (Bastida, Arabako Errioxa). "Sukaldariek zer prestatuko duten ez dakigu. Sekretua da. Baina badakigu postrerako zerbait prestatzen dabilela euretariko bat", iragarri du Mendiolak. 

Lehiaketarako leku guztiak bete dituzte. Iaz, Zigor Gerediagak irabazi zuen duelua Ortzi Egiaren kontra. Zein izango da aurtengo irabazlea?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!