Durangoko Udalak harrera instituzionala egingo die Tabirakoko txapeldunei

Anboto 2026ko maiatzaren 19a

Klubak udaletxeko plazan batzera deitu ditu zaleak. Familia argazki bat aterako dute bertan. 

Tabirako saskibaloi klubarentzat denboraldi historikoa izaten ari da. Gizonen talde nagusiak liga eta kopa irabazi ditu denboraldi berean eta emakumeen bigarren taldea Bigarren Nazionalera igo da

Lehiaren ostean, ospatzeko eta aitortzak jasotzeko garaia da. Eguazten honetan, 19:30ean, Durangoko Udalak harrera instituzionala egingo die Tabirakoko bi taldeei. Ondoren, 19:45 inguruan, plazan familia argazkia aterako dute bertaratzen direnekin.

Klubetik plazan batzera deitu dituzte zaleak. "Ilusio handia egingo liguke une hau Tabirakoren familia osoarekin partekatzeak; izan ere, lorpen hau denboraldi osoan zehar pertsona askoren lanaren, konpromisoaren eta babesaren emaitza da. Animatu udaletxera gerturatzera eta gure taldeei Tabirakoko kamisetekin eta bufandekin babesa ematera", adierazi dute klubetik. 

Emakumeen lehen taldea, azpitxapeldun
Tabirako Baqueko emakumeen talde nagusiaren lana ere goraipatzeko modukoa da. Lehen Nazional mailan Lauko Finala jokatu eta  azpitxapeldun geratu da.

Durangoko taldeak hirugarren amaitu zuen liga erregularra. Lauko Finalean La Salle menderatuta (54-47) sailkatu zen finalera. Finalean galdu egin zuen San Ignacioren aurka: 63-44.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!