[ARGAZKI GALERIA] Tabirako Baqueko bigarren taldea Bigarren Nazionalera igo da Lauko Finala irabazita

Anboto 2026ko maiatzaren 11

Iaz galdutako maila berreskuratu du senior berezi mailan zebilen taldeak.

Tabirako Baqueko emakumeen bigarren taldeak mailaz igotzea lortu du asteburuan Portugaleten jokatutako Lauko Finala irabazita. Horrela, Durangoko saskibaloi kluba Bigarren Nazionalera itzuliko da, iaz maila galdu ostean.

Xabi Ortuoste eta Julen Berrocal entrenatzaileek zuzendutako taldeak denboraldi bikaina osatu du, guztira 23 garaipen eta hiru porrot pilatuta. Lauko Finalean ere maila handia erakutsi zuen: finalerdietan Mungiari irabazi zion lehia estuan (68-60), eta finalean Portugaleteko Oribeltza anfitrioia menderatu zuen 53-39ko emaitzarekin. 

Tabirakok, gainera, zaleen babes handia izan zuen bi jardunaldietan. Durangotik hurbildutako haur, gazte eta heldu ugari izan ziren Portugaleteko kiroldegian taldea animatzen.

Horrela, denboraldi honetako palmaresean beste titulu bat gehitu du Tabirakok. Ez da ahaztu behar gizonen talde nagusiak Liga eta Kopa irabazi dituela aurten.

Asteburu honetan, bestalde, emakumeen lehen taldearen txanda izango da; Iruñean jokatuko du Lehen Nazionaleko Lauko Finala.

(Argazkiak: Joseba Arana)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!