Kopa eta Liga denboraldi berean, arin esaten da.
Sekulako denboraldia izan da! Barneratzea ere kostatu egiten da. Tabirakok bere historian Liga eta Kopa denboraldi berean irabazten dituen lehenengo aldia da. Xabi Chico gaur egungo entrenatzailea orain bost bat urte etorri zen eta beragaz irabazten hasi ginen. 2019-2020 denboraldian EBA Mailara igo ginen [gaur egungo Hirugarren FEB maila], eta hori ere mugarri bat izan zen Tabirako klubean. Lehenengoz igo ginen.
2022an, EBA mailara berriro igo zineten urtean, Kopa irabazi zenuten, baina orduan ez zineten ligako txapeldun geratu.
Hala da. Orduan lauko finala jokatu ostean igo ginen, liga txapelketa irabazi barik. Finalean Tecnun Askatuak taldea kanporatu genuen, eta finalean Take Tolosa taldea. Gogoan dut finala oso gogorra izan zela. Luzapen biren ondoren irabazi genuen.
Xabi Chico entrenatzaile urretxuarraren figura aipatu duzu. Zer eman dio taldeari?
Etorri zenean segituan konektatu genuen beragaz. Oso giro ona sortu zuen taldean. Eskuzabala da.
Eskuzabala zer zentzutan?
Entrenatzaile batzuk zorrotzagoak dira, eta Xabik, zelan esan, beste batzuek baino malgutasun handiagoa dauka. Berak bere filosofia dauka, badaki zelan jokatu gura duen, jokaldi guztiak buruan ditu eta gogor entrenatzen gara, baina askatasuna ere ematen du, eta huts egiten baduzu ez da beste batzuk bezain gogorra. Eta bere metodoak ederto funtzionatu du gugaz. Begira emaitzei!
Gogoratu dezagun apur bat joan zen domekako partidua. Landako kiroldegia bete egin zen.
Bai. Nik urte asko daramatzat Tabirakon, eta horrelako giroagaz jokatzea deskribatu ezin dudan sentsazioa da. Kantxara sartzen zaren momentu hori… horrela jokatzea plazera da eta plus bat ematen digu.
Partidua azken markagailuak erakusten duena (72-60) baino gatxagoa izan zen. San Prudentziok gerra eman zuen lehenengo zatian.
Atsedenaldira 36nako berdinketagaz heldu ginen. Orduan kontuak ez zeuden hain argi. Gogoan geneukan euren kantxan jokatutako partidua 16 puntugaitik galdu genuela, eta etxean ere galdu egingo ote genuen pasatu zitzaigun burutik. Baina hirugarren laurdenaren amaieran abantaila hartu genuen eta hortik aurrera ondo kontrolatu genuen partidua.
Buruko mamuei aurre egin behar izan zenieten.
Bai. Partidu bi geratzen ziren liga amaitzeko. Etxetik kanpora irabaztea beti da gatxa eta azken jardunaldian etxean hil ala biziko partidu hori… Ardura hor geneukan. Zorionez, dena ondo irten zitzaigun.
Liga irabazita Euskadiko Lehenengo Nazional Mailatik Espainiako Hirugarren FEB Mailara zuzenean igotzeko eskubidea duzue. Eskubide hori baliatuko duzue?
Azken urteetan, igoera bat baino gehiago lortu eta igo ala ez aukeratzeko pribilegioa izan dugu. Aurten zer gertatuko den? Ez dakit. Espainiako Hirugarren Maila berba potoloak dira. Begira zelako taldeak dauden: Valladolid, Avila… Fitxaketak egiten dituzte eta gu harrobiko klub bat gara. Etxeko jokalariekin jokatzen dugu eta ez da erraza holako mailako taldeen kontra lehiatzea. Iaz, esaterako, maila horretan ibili ginen, partidu asko galdu genuen eta gogorra egiten da. Galdu, buelta etxera, aste osoan entrenatu eta berriro galdu… Ez da erraza. Gainera, desplazamenduak luzeagoak dira eta hori astuna egiten da. Taldeko beteranoontzat batez ere. Gazteentzat ez hainbeste. Gaztetasunak horixe du, edonora joateko prest daude. Baina zenbat eta nagusiago, orduan eta gehiago baloratzen duzu gertutasuna. Zuzendaritzako kideekin batu eta gure iritzia emango dugu. Badakit hainbat gauza baloratu behar direna. Durangoren izena eta babesleen izena toki gehiagotan zabaltzeko aukera, esaterako. Dena balantzan jarrita hartuko da erabakia.
Eta Kopako garaipena zelan gogoratzen duzu?
Ibaizabalen kontrako finalerdia gogorra izan zen, finala baino gogorragoa. Azken laurdenean hurreratu egin zitzaizkigun eta estuasunen bat igaro genuen, baina azkenean partidua bideratzea lortu genuen. Navabasketen kontrako finala askoz ere errazago irabazi genuen. Segituan hamar puntuko aldea hartu genuen eta horri eutsi genion.
Zelako taldea dauka Tabirakok?
Jokalari asko betikoak dira; hau da, urte asko daramatzagu: Xabi Arroitajauregik, Asier Arizmendiarrietak, Markel Aranzabalek… Bloke bat osatzen dugu eta behetik datozen gazteak laster egokitzen dira taldera. Talde gaztea dugu. Neu naiz beteranoena, 32 urtegaz. Hurrengo Arroita dator eta lau-bost urte gazteagoa da. Beraz, esperientzia eta freskotasuna uztartzen ditugu. Jokalarien artean ez dago egorik eta ezaugarri hori garrantzitsua da arrakasta izateko.
Urte asko daramatzazu irabazten. Jokalari bat ohitu egiten da irabaztera?
Ez nuke esango ohitu garenik, baina, egia esanda, lehenengoz igo ginenean poza sekulakoa izan zen. Harrezkero, hainbat gauza lortu dugu. Orain errazagoa dirudi, baina ez da horrela. Txapelketa bat irabaztea beti da gatxa.
Pertsonalki zelako denboraldia izan duzu? Gustura zaude egindako lanagaz?
Bai, gustura nago. Egia esanda, urteak aurrera doaz eta fisikoki nabaritzen dut; belaunak nahiko txarto ditut. Taldeari gehiago ematea gura nuke, baina ez dut inongo arazorik nire tokia taldekide bati uzteko, eta nik aulkitik animatzeko, partidua irabazten badugu.
Noiz arte ikusten duzu zeure burua jokatzen?
Lagunek egin izan didate galdera hori eta ez dut jakin izan zer erantzun. Oraindino ez dut pentsatu, urtetik urtera ikusten dut zelan nagoen. Azken urte bietan buruan bueltaka dudan zerbait da eta datorren denboraldia azkena izan daiteke. Aukera bat da, jakina, baina oraindino ez dakit seguru. Denborak esango du.
Nazional Mailako saskibaloia asko aldatu da zu hasi zinenetik gaur egunera?
Lehenengo taldeagaz jokatzen hasi nintzenean, saskibaloia askoz ere fisikoagoa zela uste dut. Kontaktu gehiago zegoen. Orain jokoa arinagoa da eta taktika asko dago. Orain ere kontaktua badago, baina garai batean gehiago zegoela iruditzen zait.

Tabirako-Baqueko jokalari eta kideak garaipena ospatzen. LUIS ITURRIOZ

Jokalariak Xabi Chico entrenatzailea aupatzen. LUIS ITURRIOZ
Eta ospakizun gehiago baletoz?

Tabirakok ospakizun gehiago izan ditzake oraindino. Lehenengo Nazional Mailako emakumeen taldea lauko finalera sailkatu da matematikoki, joan zen asteburuan Araski taldea mendean hartuta. Horrela, 2023ko lorpena berdindu du. Lauko finala maiatzaren 16-17ko asteburuan jokatuko dute. Koska hori gaindituz gero, igoera fasea geratuko litzaieke. 2023an ezin izan zuten lauko finala gainditu. Orain hamarkada bat, 2016an, igoera faseraino heldu ziren. Emakumeek behin lortu dute Euskadiko maila gorenetik Espainiakora igotzea. 2000-2001 denboraldian izan zen. Emakumeen bigarren taldea ere bikain dabil. Asteburu honetan Bigarren Naizonal Mailarako igoera fasea jokatuko du, liga 23 garaipen eta hiru porrotegaz amaitu eta gero.