Euskahaldunak elkarteak dioenez, Mikeldiko idoloaren eskultura erretiratzea eskatu du udalak

Ekaitz Herrera 2026ko maiatzaren 12a

Eskulturaren bizitza-balioa noizbait agortu egingo dela jakin arren -paletetako egurrez egina dago-, eskultoreen elkarteak ahal bezainbeste denboran luzatu gura du haren bizitza.  

Euskahaldunak elkarteak kezkaz begiratzen dio Mikeldiko idoloaren eskulturari, Durangoko Udalaren errekerimendua jaso du-eta obra erretiratzea eskatzen. Guillermo Olmo da eskultoreen elkartearen lehendakaria, eta, bere ustez, "Udalak ez du jakin obraren balioa errekonozitzen". "Garrantzia handiko lana dela deritzogu. Egia da behin-behinean zela hor gelditzekoa, paletetako egurrarekin egina dagoelako, eta, horrenbestez, jakin bagenekielako obrak bizitza-balio murritza izango zuena. Alabaina, obra iragankorra izan arren, ahal bezainbeste luzatu gura dugu haren denbora", esan du Olmok.

Elkarteko kideek bilerara deitu dituzte Madalenako auzotarrak eta gainerako durangarrak, eskulturari aterabide bat topatzeko. Biharko egin dute hitzordua, 19:00etan, Madalenosten, eskulturaren aurrean. "Obra durangarrentzako sortu genuen, eta, orain, haien iritzia jaso gura dugu  artelanarekin zer egin pentsatzeko. Uste dugu bere bizitzaren erdia igaro duela obrak, eta gure nahia beste erdia bete dezan da. Eta hori egiteko aukerarik ez badago, eskultura beste norabait lekualdatu dadin eskatzen dugu", azaldu du Olmok. "Izan ere, Durangoko Udalaren errekerimenduak dio eskultura hilabetean erretiratzen ez badugu, suntsitu egingo duela. Eta guk ez dugu halakorik gura", gaineratu du.

Mikeldiko idoloaren eskultura Madalenosten dago 2023ko abendutik, eta behin-behinean ipini zuten plaza horretan. Berez, handik hilabete batzuetara ziren kentzekoa, baina 2024ko martxoan, udalak eta Euskahaldunak elkarteak akordioa lortu zuten obra 2025eko urtarrilera arte Madalenosten mantentzeko. Besteak beste, segurtasuna mantentzeko neurriak bermatzea eskatu zion udalak elkarteari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!