Mikeldiren egurrezko eskultura handiak Madalenosten jarraituko du 2025eko urtarrilera arte

Anboto 2024ko mar. 8a, 16:19

Segurtasuna bermatzeko baldintza batzuk jarri dizkio udalak eskultoreen elkarteari.

‘Mikeldi’ bezala ezagutzen den zurezko eskulturak Madalenosten jarraituko du 2025eko urtarrilera arte. Halaxe adostu dute Durangoko Udalak eta Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak, udalak ohar batean jakinarazi duenez..

Obra "iragankor" gisa sortu zen eskultura 2025eko urtarrilera arte mantentzeko baimena eskatu zion eskultoreen elkarteak udalari. "Eskaera eskulturak Durangoko espazio publikoari ematen dion balio kultural eta artistikoan oinarritzen da", zehaztu dute.

Udalaren kezka Nagusia zen eskulturak luzaroan irauteak "herritarren segurtasunerako ekar lezakeen arriskua, haren izaera iragankorra eta sortu zenetik irauteko bokaziorik eza kontuan hartuta". Hala ere, Eskultoreen Elkartearen "ahalegina eta ekarpen kulturala" aitortuz, eskulturaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko "baldintza jakin batzuekin" onartu da
eskaera.

Udalak ezarritako baldintzen artean honakoak daude: atzealdea ixtea eskulturaren barrura sartzea eragozteko; kanpoko arkitekto batek txosten bat aurkeztea, lurzoruan eraginik ez izatea eta obraren egonkortasuna bermatzeko; kokatuta dagoen lursailaren jabeek baimena lortzea (erabilera publikoko lursail pribatua); egurraren egoera aldizka berrikustea eta eskultura 2025eko urtarrilaren 30erako kentzeko konpromisoa hartzea.

"Bi aldeek baldintza horiek onartu dituzte eta lortutako akordioa positibotzat jo dute", oharreraen arabera. Azkenik, Durangoko Udalak eta Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak kultura sustatzeko eta artearen bidez espazio publikoa aberasteko konpromisoa berretsi dute.

Herriaren Eskubidea, "pozik"

Herriaren Eskubidea/Independienteak alderdiak eskultura matentzeko mozioa aurkeztu zuen azken osoko bilkuran, baina ez zen eztabaidatzera iritsi. Gaur euren "poza" adierazi dute eskulturak han jarraituko duelako. Herritarren partetik "harrera ona" jaso duela eta eskulturaren argazkiak ateratzera hurbiltzen den bisitari kopurua "handia" dela azaldu dute ohar batean. "Albiste ona da kulturarentzat eta Durangorentzat, gure mozioak gobernu-taldeak eskultura kentzeko erabakia birplanteatzeko balio izana", adierazi du Jorge Varela zinegotziak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!