[ARGAZKI GALERIA] Mikeldi erraldoia inauguratu dute Durangon

Anboto 2023ko abe. 29a, 20:19

Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak sortu du artelana.

Mikeldiko idoloaren egurrezko eskultura handia inauguratu dute gaur. Madalenoste plazan kokatuta dago lau metro garai eta sei metro luze den artelana. Industria-enpresek emandako egurrezko paletekin egin dute. Beraz, enpresek behar ez zuten materiala birziklatu dute.

Eskuahaldunak Eskultoreen Elkartea da eskulturaren egilea. Artea kalera atera gura zuten eta elkarlana sustatu. Hain zuzen, eskultura egiteko Durangoko institutuko ikasleen, Durangoko Elkarte Artistikoko kideen eta inguruko bizilagunen laguntza izan dute. Abenduaren 1ean hasi ziren eskultura egiten eta gaur bertan amaitu dute.

Gaur 19:00etan hasi da inaugurazio ekitaldia Felipe Zelaietaren bertsoekin. Ondoren, Kriskitin Dantza Taldekoek 'Agurra' dantzatu dute Jaizale Txistulari Elkartekoen laguntzarekin. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak "eskerrak" eman dizkie egitasmoan parte hartu duten guztiei eta Mikeldiko benetako idoloa Durangora ekarri dadila eskatu du. Udaleko bulego teknikoarekin batera eskulturaren kokapen egokiena zein den aztertuko dutela ere aurreratu du. Ekitaldia luntx batekin amaitu da.

Eskultura-irudirik zaharrena

Ekimenaren bultzatzaileek diotenez, Mikeldiko idoloa da Euskal Herrian kontserbatzen den eskultura-irudirik zaharrena. "Basurde bat irudikatzen du, hanka artean disko bat duena, 1,30 m-ko altuera eta 1,90 m-ko luzera dauka, hareharriz egina eta gutxienez 2.300 urteko antzinatasuna du, Irulegiko eskua baino gehiago", azaldu dute elkarteko kideek.

Basurdearen irudia, animalia sakratua zen garai hartako Bizkaian, eta diskoak, eguzkiari edo ilargiari erreferentzia egiten dio, idolo paganoa izanik ziurrenik, beraz, hau XVII. mendean lurperatzeko ustezko arrazoia izan zen. 1864an aurkitu ondoren, berriro lurperatu zuten arrazoi berberagatik. 1919an Bizkaiko Aldundiak baimenak lortu zituen Mikeldiko idoloa Bilboko Euskal Museora eramateko.

"Durangoko garai bateko biztanleei eta bere sinesmenei erakutsitako errespetu eskasa ikusita, eta orain 2.300 urte inguru sortutako eskultura zaharrenarekiko erakutsi zuten sentiberatasun ezak Art-ola Kolektiboarekin eta Durangoko Arte Batxilergoko gazteekin, neurri handiko Mikeldi bat sortzeko gogoa piztu zaigu, izan zen jende hura oroitu eta omendu guran", azaldu dute Eskuahaldunak elkartetik.

Ekimenaren barruan, Basarte Euskal Eskultura Azoka ikusgai dago abenduaren 30era bitartean Durangoko Gandarias Aretoan (Arkotxa, 6). 80 eskultore ingururen 130 lan inguru ikusi eta erosi daitezke bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!