Durango bonbardatu zuten 89. urteurreneko ekintzek aurrera jarraitzen dute. Eguerdien Ezkurdi plazan elkartu dira eskualdeko bonbardaketen biktimak oroitzeko. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi du “data batzuk ez direla denborarekin desagertzen”, eta 1937ko martxoaren 31 udalerriaren nortasun kolektiboaren parte izaten jarraitzen duela. Ildo horretan, zenbakien atzean “indarkeriaz eta bidegabeki zapuztutako bizitzak, istorioak eta proiektuak” daudela azpimarratu du, memoria bizirik mantentzearen garrantzia nabarmenduz.
Elkoroiribek azaldu du Durangoko Udala lanean ari dela Gerra Zibilean bonbardaketak jasan zituzten udalerrien arteko senidetzea bultzatzeko, Gernikarekin hasita.
Martxoaren 31ri begirako ekitaldi-sortak arratsaldean jarraituko du. 17:45ean berriro entzungo da alarmaren hotsa, bigarren aire-erasoaren oroimenez. Azkenik, 19:30ean, Andra Mariko elizpean martxoaren 31ko ekitaldia egingo da, Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin Dantza Taldeak antolatuta, eta horrekin emango zaio amaiera oroitzapen-jardunaldiari.
(Argazkiak: Durangoko Udala)