Euskal Herrian Euskaraz eta euskalgintzako 30etik gora eragile Durangoko kaleetan mobilizatuko dira abenduaren 6an, 13:00etan. Goiz honetan egin dute manifestaziorako deia, eta "hizkuntzaren aldeko mugimendu indartsua abian jartzeak" daukan garrantzia azpimarratu dute: "Borroka ardatz desberdinak lehentasun gisa hartuta, Euskal Herri aske eta justu baten aldeko lanean dihardugu hemen gauden eragile guztiok. Eta bide horretan, jasaten dugun hizkuntza zapalkuntza gainditzea ezinbestekoa ez ezik, zentrala izango da", azaldu dute. Egoera "kezka handiz" bizi dutela gaineratu dute, eta "etsipenetik urrun", egoera aldatzeko konpromisoa hartuta dutela argitu: "Aurreko belaunaldiek erakutsi digute euskara putzu sakon eta ilunenetik atera daitekeela eta gu, sinetsita gaude, oraingoan ere aurrera egingo dugula; euskararen aldeko pizkunde berria harrotuko dugula".
Hori guztia dela eta, euskaltzale guztien inplikazioa ezinbestekoa dela azpimarratu dute, bai maila pertsonalari dagokiona, bai kolektiboa. Era berean, erabakiguneetako eragileak, arduradun politikoak eta instituzioak deitu dituzte erantzunkizunak hartzera. "Batu euskararen aldeko borrokara, batu Euskal Herri euskalduna eraikitzeko olatura. Abenduaren 6an, bete ditzagun Durangoko kaleak euskararen alde; Euskararen Errepublikaren alde", bukatu dute.