Euskal Herrian Euskaraz: "Pizkunde berri bat hauspotzeko unea da"

Ekaitz Herrera 2025ko urr. 2a, 12:06

"Esnatzera" deitu du Euskal Herrian Euskarazek, legedi baztertzaileei "desobedientzia" egitera eta "euskaldun izatearen harrotasuna" bultzatzera. Manifestazioa egingo dute horretarako, Durangon. Abenduaren 6an izango da.  

Euskal Herrian Euskarazek agerraldia egin dute goiz honetan Plateruena parean, Euskararen Errepublikaren aldeko manifestaziora deitzeko. Abenduaren 6an, Durangoko Azokako egunetan, mobilizazioa egingo dute "hizkuntza nahiz nazio kontzientzian bizi dugun geldotze aroa eten eta indarraldirako bideari ekiteko". "Esnatzera" deitu du, hain zuzen ere, Euskal Herrian Euskarazek, legedi baztertzaileei "desobedientzia" egitera eta "euskaldun izatearen harrotasuna" bultzatzera. Eta euskaltzale guztiak deitu dituzte horretarako: abenduaren 6an, 13:00etan, Landako Gunetik irtengo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. 

Iraia De la Torre eta Intza Gurrutxaga bozeramaileek nabarmendu dutenez, azken bi hamarkadetan "ahuldu" egin dira euskal komunitatearen "nazio nahiz hizkuntza kontzientziak", besteak beste, "asimilazioak" eta "euskara salbatua dagoen uste faltsuak" eraginda. Errealitatea "bestelakoa" dela diote, eta euskara "normalizatuta egotetik urrun" dagoela gaineratu.

Halaber, estatu propio baten beharrari ere egin diote erreferentzia, Frantziako eta Espainiako estatuek euskara biziberritzeko tresnak "kamusten" dihardutelakoan: "Horregatik, Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean ezinbesteko ikusten dugu independentzia, Euskararen Errepublika", azaldu dute. 

"Diskurtso arrazistak" euskaltzaleengan

Euskal Herrian Euskarazen iritziz, munduak "krisi anizkoitzen garaia" bizi du, eta marko eskuindarra "lekua irabazten dabil" egiturazko arazoen "alternatiba" gisa. Testuinguru horretan, "askapenerako eta justiziarako tresna gisa" aldarrikatu dute euskara, bai zapalkuntzak gainditzeko, bai horien aurka borrokatzeko. Bide batez, "euskaltzaleen artean azkenaldian ugaritu diren diskurtso arrazista nahiz xenofobo oro irmotasunez" gaitzesten dutela eta gaitzesten jarraituko dutela iragarri dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!