Durangarrek herriko egun handia ospatu dute gaur: San Fausto eguna. Eguerdi partean, ekitaldirik tradizionalekin bete dute udal plaza: 21 udal ordezkariek 4.000 artopil banatu dituzte herritarren artean; Aritz Lasargurenek ohorezko aurreskua eskaini die herrikideei eta Kriskitin taldea platillu-soinuaren erritmora dantzatu da.
Eguerdian, gura adina paella jan eta gero, herri mugimenduko eragileen hitzordurik maitatuenetako bat ailegatu da: Mañaria errekaren jaitsiera. Partaideek 17:00etan ekin diote jaitsierari, Tabiratik hasi eta San Agustinera. Bidean, Pinondo eta Santa Ana arteko ur-jauzia gainditu dute. Jende mordoa batu da ibilbideko puntu horretan.
Jaitsieran parte hartu duten herritarrek askotariko ikurrekin jantzi dute erreka. Piratak, Palestinaren aldeko oihuak eta ontziak, aldarri transfeministak zein gaztetxearen aldekoak. Urriaren 26an, jaiak atzean utzita, Mañaria erreka garbitzeko deialdia dago antolatuta. Garbiketa Pinondon hasiko da, 10:00etan.