“Durangon frontenis txapelketa bat antolatzeko asmoa dut irail-urri inguruan”

Joseba Derteano 2024ko uzt. 6a, 11:30

Kirol askotan ibilia, gaur egun frontenisa da Maialen Bilbao gehien asebetetzen duen kirola. Inguruotan ez dago emakumezko frontenis jokalari askorik, eta, kirolari aupada bat eman guran, sanfausto bueltarako txapelketa bat antolatu gura du. 

Maialen Bilbao kirolari petoa da, dabilen kirolean dabilela hobetzeko eta maila ona emateko berezko sena eta gaitasuna dituen horietarikoa. Horren adibide da frontenisa, bere kirol kutuna, gaur egun. Orain hiru urte txapelketetan parte hartzen hasi zenetik hona, gorakada handia izan du. Oraintsu buruz buruko nahiz binakako txapelak jantzi ditu Mallabian, maila handiko frontenis jokalariak batu dituen txapelketan. 

Izan duzu inoiz hain asteburu borobilik zure kirol ibilbidean?

Ez, horrelako borobilik ez. Egia esanda, ez daramat denbora asko frontenis txapelketak lehiatzen; bi-hiru urte. Frontenisean txikitatik jokatu izan dut, lagun artean, baina txapelketetan ez. Mallabikoa izan da nire lehenengo torneoa, eta interesa piztu zidan. Maila handia zegoela ikusi nuen eta horrek motibatu egin ninduen neure maila hobetzeko. Beti izan dut kirol berriak probatzeko zaletasuna. 

Zure lehenengo txapela da?

Bai. Aurreko bietan txapeldunorde geratu nintzen buruz burukoan. Hain zuzen ere, orain bikote izan dudan Ana Garciaren kontra galdu nituen final biak. 

Eta hirugarrenean txapela etxera!

Bai. Baina ez pentsa, urduri egon nintzen. Buruari buelta asko eman nion hirugarren finala jarraian galduko ote nuen. Zorionez, irabaztea lortu nuen. Binaka, ostera, aurten oso bikote ona osatu dugu Ana Garciak eta biok, eta horrek lasaitasuna eman dit neure onena emateko. 

Mallabikoa ez da zure lorpen bakarra aurten. Gaztela eta Leongo ligan bigarren aurrelaririk onena izan zara.

Lehenengoz parte hartu dut Gaztela eta Leongo frontenis ligan, eta bigarren geratzea sorpresa izan da; ez nuen hain ondo aritzerik espero. Entrenamenduetako lanak ekarritako saria izan da. Toki askotako jendeak parte hartzen du ligan: Zaragozakoak, Errioxakoak… Zozketa bidez aukeratzen da zein izango den zure bikotekidea. Beraz, atzelari askogaz jokatu dut, batzuetan ni baino esperientzia gutxiago dutenekin. Hilean txapelketa bat izan dugu, eta lorturiko emaitzaren arabera banatzen dira puntuak. 

Gorakada handia izan duzu denbora gutxian. Zertan hobetu zenezake?

Errebesean. Ezkertia naiz eta horma inguruko jokaldietan ondo ibiltzen naiz, baina errebesagaz badut zer hobetu oraindino. 

Zelakoa da frontenisaren panorama Euskal Herrian?  

Egia esanda, ez dut frontenis jokalari euskaldun askorik ezagutzen, ez emakumezkorik ez gizonezkorik. Kirol minoritarioa da. Frontenis klub bat Zierbenan dago eta aurten han egin dut fitxa, Gaztela eta Leongo liga jokatu ahal izateko. Normalean Zallan entrenatzen naiz, Inge Sancristobal jokalariagaz. Bera Zallakoa da eta aurten hirugarren geratu da Mallabiko torneoan.  Geure kabuz entrenatzen gara, Ingek ezagutzen duen jendeagaz. 

"Lehenengoz parte hartu dut Gaztela eta Leongo ligan eta bigarren geratzea sorpresa izan da; ez nuen hain ondo aritzerik espero"

Zer egin daiteke frontenisa indartzeko?  

Frontenisean jende gehiago aritzeko, kirola ezagutarazi egin behar da. Durangon frontenis txapelketa bat antolatzeko asmoa dut, irail edo urri ingururako, jaien bueltarako. Frontenisa ezagutaraztea da helburua, emakumeena batez ere. Aitak sasoi bateko emakume erraketisten inguruan berba egin dit inoiz, eta ordukoaren moduko zeozer berreskuratzea gura nuke. Txapelketan maila mistoa egongo da, eta, beharbada, emakumeen txapelketa ere bai, emakume nahikoa apuntatzen bada. Mallabira joaten direnak Durangora ere etorriko liratekeela uste dut. Bestelako mailak ere egon daitezke; esaterako, maila bat Durangaldeko frontenis jokalarientzat. 

Ibili zara beste kirolen batean?

Bai, eta banabil oraindino. Aurten futbolean ibili naiz, Basauriko Ariz taldean. Aurretik saskibaloian aritu naiz, Tabirako taldean, eta baita areto futbolean ere; lehenengo, Sasikoan, eta ondoren, Santurtzi taldean. Bigarren Mailara igo ziren urtean eurekin jokatzea eskaini zidaten, eta urtebete eman nuen han. Maila handia zegoen eta esperientzia gogorra izan zen, baina oso polita aldi berean.

Beraz, aurten futbolean eta frontenisean aritu zara. Bietan jarraitzeko asmoa duzu?

Ez dakit, duda asko daukat. Baliteke aurtengoa azken urtea izatea futbolean. Gaur egun frontenisak futbolak baino askoz ere gehiago motibatzen nau. Frontenisaren bidetik joko dudalakoan nago. Baina, tira, ondo pentsatu behar dut eta udan hartuko dut erabakia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!