Durangoko txosnek goizeko 06:00ak arteko ordutegia berreskuratuko dute aurten

E.H. 2025ko ira. 16a, 10:39

Durangoko txosnetako eragileek eta herritarrek agerraldia egin zuten ekainean.

"Aurten ere, Durangoko Udala Txosna Batzordeari oztopoak jartzen ahalegindu da, txosnak ixteko ordutegi murritza proposatuz. Azkenean, baina, zentzubako neurri horri aurre egitea lortu dugu herritarren agerraldia eta sinadura bilketari esker, eta txosnak zabalik egongo dira 06:00ak arte, ohiko ordutegiarekin", jakinarazi du Durangoko Txosna Batzordeak sareetan.

Txosnen eta udalaren arteko tirabirak ez dira berriak. Lehenengoak behin baino gehiagotan leporatu dio bigarrenari jai herrikoiak antolatzeko "oztopoak" ipini izana. Urrutira joan barik, Durangoko txosna batzordeko 14 eragileek eta hainbat herritarrek agerraldia egin zuten ekainean, udalari "trabak jartzeari uztea" eskatzeko. Iazko jaietan ere, "oztopoak" izan zituzten aipagai: udalak ordutegia murriztu, "kartelak eta olanak kentzeko aginduak" eman eta soinu-mugatzaileak "modu desegokian" zehaztu zituela kritikatu zuten.

Orain, kexa horietariko batek, behitzat, bira bat bat izango duela dirudi. Aurtengo sanfaustoetan txosnak 06:00ak arte zabalik egon ahalko direla adierazi du batzordeak sareetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!