Durangoko San Fausto jaiak

Durangoko txosnek "ordutegia murriztea" eta "oztopoak ipintzea" leporatu diote udalari

Anboto 2023ko urr. 11a, 12:47

Txosnaguneko argazkia.

Durangoko Txosna Batzordeak ez du udaletxeko txupinazoan parte hartuko, eta, ondorioz, txosnaguneko ikur den Pantxike ez da balkoian egongo. Txosnak kexu dira, udalak "ordutegiak murriztu", "kartelak eta olanak kentzeko agindua eman" eta soinu-mugatzaileen "erabilera desegokia" egiten duela iritzita.

Durangoko Txosna Batzordeak ohar bat kaleratu du udaleko gobernu taldetik jasotako "traba" batzuen berri emateko. Diotenez, udalak "inoiz izandako ordutegirik murritzena" ezarri die txosnei.  "Legeak hala behartuta hartutako neurri bat dela esan digute, baina jakin badakigu hori ez dela egia, ordutegi hauen inguruko azken erabakia udalak berak dauka eta", azaldu du Txosna Batzordeak prentsa oharrean. Erabakia berrikusteko eskatu diote udalari, baina "ezezkoa" jaso dutela ere gehitu dute. Beraz, "ordutegiak berrikusteko" eskaria egin diote "publikoki". 

Soinu-mugatzaileen erabilera "desegokia" da bigarren salaketa. "Durangon soinu mugatzaileak inposatzeaz gainera, modu desegokian erabiltzen dira, izan ere, soinua mugatu beharko luketen mugatzaile hauek musikaren bolumena ia guztiz murrizten dute sarritan". Horren aurrean txosnagunean soinu bolumen gutxieneko bat  "etenik gabe bermatzeko" eskatzen diote udalari.

Azken eskaera txosnaguneko apainketen ingurukoa da. "Orain debekatuta omen dago eraikin publikoetan, denbora mugatu baterako eta modu txukunean bada ere, olanak jartzea. Eta garbiketako langileek hauetako zenbait kentzeko agindua jaso dute egunotan. Kartela ere, zeloa erabilita ipini arren, egunero kenduko dituztela adierazi dute". Jarrera "oldarkor" eta "autoritario" horren aurrean, txosnagunean "errespetuz baina nahieran" apaintzen uzteko eskatzen diote udalari.

"Ez dabil pozik Pantxike"
Txosna Batzordeak gaineratu duenez, haien ikurra den Pantxike ez da bihar egitekoa den udaletxeko txupinazoan egongo. Edozelan ere, "azken urteetako elkarlana" ez haustea espero du Txosna Batzordeak. "Guk Txosna Batzordea osatzen dugun 14 eragileotako kideok jai herrikoen aldeko lanean jarraituko dugu, orain arte legez, modu boluntario bezain arduratsuan".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!