Durangoko txosna batzordeko eragileek agerraldia egin dute arratsalde honetan, jai herrikoiak antolatzeko “gero eta oztopo gehiago” dutela adierazteko. Durangoko Udala seinalatu dute, “Euskal Herriko hainbat instituziok” egin bezala, horrek “gustokoak ez dituen eragile sozialak erasotu” dituelakoan. Txosna batzordeko kideek hor kokatu dituzte, hain zuzen ere, “ordutegi murritzak, traba burokratiko eta teknikoak, beste ekimen batzuekin alderatuz dirulaguntza xumea ematea, neurri eta muga absurdoak, eta propaganda politikoa egiteagatiko isunak”. Horiek guztiak “arrazoi teknikoak” izatetik “urruti” daudela esan dute, eta auziaren oinarrian “erabaki politikoak” daudela azpimarratu: “jai herrikoien eta eskubide politikoen aurkako erabakiak”.
Durangoko txosnek defendatu dutenez, urte asko daramatzate herriko jaiei “ekarpen esanguratsua egiten", diru asmorik barik beti ere, eta gogoratu dute jai desberdin bat sortzeko lan egiten dutela, izaera “herrikoia, euskalduna, feminista, askea, inklusiboa, ingurumenarekin errespetuzkoa eta solidarioa" ardatz. Alde horretatik, "askotariko egitaraua" antolatzen eta "eskaintza euskalduna eta feminista" programatzen jarraitu gura dutela berretsi dute. "Beraz, udalari eskatzen diogu gure jarduna errazteko, eta arrazoi tekniko eta juridikoen aitzakipean, trabak jartzeari uzteko. Finean, antolatzeko eskubidea errespetatu eta jai herrikoiak ez erasotzea", esan dute.
Era berean, batzordearen baitako 14 eragileek txosnen funtzioa azpimarratu dute: "Durangoko euskalgintza, mugimendu feminista, kirol elkarteak, talde internazionalistak, gazte eragileak, aniztasun funtzionala duten familien elkarteak… aktibo jarraitzeko ezinbestekoa da txosnen bidez lortzen den finantziazioa, eta diru iturri hori mugatzeak eragileen ekarpena mugatzen du", ohartarazi dute.
Iaz ere bai
Txosnen eta Durangoko Udalaren arteko tirabirak ez dira berriak. Iazko sanfaustoen atarian, adibidez, jai herrikoietako eragileek beren kexa adierazi zuten, udalak "inoizko ordutegirik murritzena" eta "oztopoak" ipini zituela iritzita.