Absolbitu egin dute Durangoko Gaztetxearen okupazioagaz lotuta auziperatutako gaztea

Ekaitz Herrera 2025ko uzt. 16a, 12:04

Durangoko gaztetxearen aldeko manifestazio bat.

"Argi geratu da borrokatzea merezi duela, gazte eta langile borrokak merezi duela", esan dute Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek. Eskerrak eman dizkiete gaztetxearen aldekotasuna agertu duten gazte durangarrei eta Defentsa Komunitateari. Edozelan ere, egoera "ez dago bermatuta", gaztetxekoen esanetan.

Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek jakinarazi dutenez, epaileak absolbitu egin du Montorretako marmol-fabrika zaharraren okupazioagaz lotuta auziperatutako durangarra. Gaztea ekainaren 25ean epaitu zuten, eta epaileak duela egun batzuk kaleratu zuen ebazpena, dinamikako kideek jakinarazi dutenez. Sententziagaz pozik daude gaztetxeko kideak: "Argi geratu da borrokatzea merezi duela, gazte eta langile borrokak merezi duela. Gaztetxearen aldeko borrokan lagundu gaituztenak eskertzen ditugu, hala nola Durangoko gazteak eta Defentsa Komunitatea", esan dute.

Edozelan ere, gaztea absolbitzeak ez du esan gura Gaztetxearen geroa bermatuta dagoenik. Bertako kideek ohartarazi dutenez, absoluzioak "ez du esan gura bide legal guztiak amaitu direnik. Ez dago ezer bermatuta". Hori dela eta, Gaztetxearen alde lanean jarraituko dutela berretsi dute. "Ekintzak antolatzen jarraituko dugu aurrerantzean", iragarri dute. Halaber, gazteen arteko antolakuntza "egoera onean" dagoela gaineratu dute.

Galtzaretak "ez die beharrizanei erantzuten"

Epaiketaren testuinguruan, ekainaren 23an, Galtzaretako jauregia Durangoko gazteei eskaintzeko prest agertu zen Mireia Elkoroiribe alkatea. Alabaina, Kaletik Gaztetxerako kideen esanetan, proposamenak "ez die gazteen beharrizanei erantzuten". "Alkateak argi utzi zuen ez zuela eraikina Gaztetxea izatea gura", eta horrenbestez, alkatearen eskaintza ez dute nahikotzat jo. "Gainera, kontuan hartu behar da alkateak zein momentutan egin dituen adierazpenak; oso indartsu gauden momentu batean, hain zuzen ere", esan dute dinamikako kideek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!