Atzo, Durangoko gaztetxeko kide bat epaitu zuten udalerriko epaitegian, Montorretako lantegiko okupazioagaz zerikusia duelakoan. Epaiketak iraun bitartean, hainbat izan ziren auziperatuari elkartasuna adieraztera gerturatu zirenak; haren absoluzioa eskatu zuten. Behin epaiketa amaituta, Kaletik Gaztetxerako kideek eta Defentsa Komunitateko kideek agerraldia egin zuten Ezkurdin. Jakinarazi zutenez, "epaiketa azkarra" izan zuen gazteak, Espainiako kongresuak iazko urte amaieran onartutako lege berria ardatz.
Izan ere, 2024ko azaroan, Espainiako kongresuak arau berria onartu zuen okupazio-delituen prozesu judizialak bizkortzeko asmoz. Proposamena EAJk egin zuen, eta aldeko botoa eman zuten PPk, UPNk, Juntsek, Coalición Canariak, ERCk eta EH Bilduk. Orain, lege hori indarrean dago, eta gazte mugimenduko kideek esan dutenez, udalerrikoa izan da lege berri horren eraginak jasan dituen lehenengo gaztetxea: "Okupazioaren aurkako neurriak Euskal Herriko ondare politiko, sozial zein kulturalak izan diren gaztetxeak mantentzea zailtzea ekartzen du, eta horren adibidea ikusten ari gara lehen aldiz, orain, Durangon", esan zuten. Era berean, gaztetxeak "langile kolektiboen gotorleku" eta "auzoetako musika taldeen zein kultur ekintzaileen eszenatokiak" izan direla gogorarazi dute: "Bertan garatu dugu askok eztabaidatzeko eta pentsamendu kritikoa izateko gaitasuna". Hori guztia dela eta, "gaztetxeek duten gaurkotasuna eta garrantzia nekez eztabaidatu" daitekeela gaineratu dute.
"Jarrera erreakzionarioak"
Azkenaldian, ideia erreakzionarioak "indartsu sartu" direla azaldu dute gazteek. Plataforma digital berriak izan dituzte ahotan, horietan gazteria "jo-puntuan" jartzen dela iritzita. "Zenbait eremutan, normalizatzen ari dira ideia matxistak, arrazistak eta faxistak", ohartarazi dute. Era berean, alderdi politikoei egotzi diete "ideia belizistak normalizatzea".