Galtzaretako eraikina Durangoko gazteei eskaintzeko prest agertu da udala

Anboto 2025ko eka. 23a, 10:34

"Gazteentzako eraikina izatea gura dugu, herriko gazte guztiei zabaldurikoa, baina ez gaztetxe bat", adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak. 

Durangoko Udala prest dago Galtzaretako eraikina herriko gazteen erabilerara bideratzeko. Halantxik jakinarazi du, goiz honetan, Mireia Elkoroiribe alkateak, eskualdeko hedabideekin egindako jardunaldi informatiboan. Eraikina "herriko gazte guztiei zuzendurikoa" izatea gura dute, baina horiek "elkarte baten bueltan" antolatuta eta "proiektu bat oinarri" izan beharko dutela aurreratu du alkateak. Halaber, argi adierazi du "gazteentzako eraikina" izatea gura dutela, "ez gaztetxea". Era berean, okupazioaren bidea baztertu du alkateak: "Ez dugu ulertzen, ez partekatzen. Udala berba egiteko prest dago, baina ez edonola", zehaztu du. 

Galtzaretako jauregia izen bereko kalean dago, Kurutziaga ikastolaren eta Nevers ikastetxearen artean. Udala da eraikinaren jabea, baina Mankomunitateak bertan eskaintzen ditu gizarte zerbitzuak, lehenengoak bigarrenari erabilerarako baimena eman izan dio-eta urteetan. Elkoroiriberen esanetan, udala Galtzaretako eraikina gazteei eskaintzeko moduan egongo da, Mankomunitateak Elkartegia erosteko prozesua amaitutakoan, hau da, gizarte zerbitzuak bertara lekualdatutakoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!