Atzera begira, zelan sortu zen Gerediaga orain 60 urte?
Asun Elorriaga: Elkartea 1965eko ekainean sortu zen, eta hemen bertan egin zen lehenengo batzarra, Gerediagan, elizateetako ordezkarien garai bateko biltokian, beren-beregi. Francoren garaian hori guzti hori ahaztera behartu gintuztenez, lehenengo batzarra hemen egitea erabaki zen. Gerediaga Elkartea Durangaldeko kultura eta ondarea bultzatzeko sortu zen, baina sasoi hartako testuinguruan bestelako egiturak bultzatzeko ere lan egin zuen, hala nola ikastolen eta baserritarren kooperatibaren sorreran. Gerora, 80ko hamarkadan elkarte ugari sortu zenez, Gerediagak ondarean eta kulturan bakarrik eragiten jarraituko zuela erabaki zuen.
Aingeru Mimentza: Durangaldean jaiotako eta eskualdea lan esparru duen elkarte txikia izan arren, Gerediaga Elkarteak Euskal Herri osoko eragile eta erakundeekin du lankidetza, eta aitortza.
A.E.: Horixe da Gerediagaren betiko ispiritua: lankidetza eta elkarlana. Elkarte zabala gara eta prest gaude edonogaz lan egiteko eta behar duenari aterpea emateko.
Zelan ailegatu zineten Gerediaga Elkartera?
A.E.: Batetik, motibo pertsonalak ditut. Gure aita hemengoa zen, Gerediagako baserri batekoa. San Salbador jaietan hona etortzen nintzen gonbidatu, eta gogoratzen dut 14 urte nituela, oraindino Franco bizirik zegoela, Durangoko ikastetxeetan lehiaketa bat egin zela. Galderetariko bat honako hau izan zen: Non batzen ziren Durangaldeko merinaldeko elizateetako ordezkariak? Nik ez nekien erantzuna. Momentu hartan konturatu nintzen inork ere ez zidala horri buruzko ezer kontatu. Bestalde, Durangoko Azokaren bueltan sortutakoak oso interesgarri egiten zitzaizkidan, Gabriel Arestiren edo Federico Krutwigen inguruko saioak, adibidez. Halantxik barneratu nintzen hemen, gure herriko kulturaren interesagaitik.
A.M.: Durangoko Azoka, bisita gidatuak eta nire herriko zein eskualdeko historia betidanik interesatu izan zaizkit. Hala ere, Gerediagako zuzendaritzara salto egin eta nire ekarpena egiteko erabakia izurri garaian etorri zen, Gurutzi Arregi etnografoa, Gerediagako lehenengo idazkaria, hil zenean. "Nor zen emakume hau? Zer egin zuen?", hasi nintzen neure buruari galdetzen; eta halantxik, Arregik Durangoko etnografiari buruz egin zuen lana irakurri nuen. Horrek guzti horrek eraginda, Gerediagan nire ekarpentxoa egitea pentsatu nuen, erantzukizun kolektibo batek bultzatuta.
Durangoko Azoka Gerediagaren ikur nagusietariko bat da, baina elkartearen bestelako egitasmoak ere azpimarratzekoak dira.
A.E.: Antolatu berri ditugun 11 bisita gidatuak, artxibategia, dokumentazio guztia... horrek guzti horrek ez du preziorik. Altxorra da. Memoria historikoaren Garaia artxiboa ere hor dago, interes handiko argazki funtsa. Gerediaga.eus atarian gure lan osoa ikusi daiteke.
A.M.: Horri guzti horri Astola aldizkaria gehituko nioke, Durangaldeko ondarea ikertzeaz eta zabaltzeaz arduratzen den argitalpena. Argazkiek, testuek, iritziek... egundoko kalitatea dute. Askotan esaten dugu Astola aldizkaria Durangaldeko National Geographic dela. Horrez gainera, podcastak egiten eta formatu berrietara egokitzen gabiltza, eta ezin ditugu Durangaldeko Gazte Ikerlarien beka sariketa eta Durangoko Azokako Sormen Beka ahaztu. Halaber, ezin dugu ahaztu hori guzti hori gauzatu ahal izateko Gerediagako lantalde osoak egundoko lana egiten duela: zuzendaritzak, ikerketa taldeak, egiturak, komunikazio arloak...
Zeintzuk dira elkartearen erronkak?
A.E.: Gaurko gazteriak, adibidez, kultura jasotzeko beste modu batzuk ditu. Horretara hurbildu behar dugu, eta gazteak erakarri. Funtsean, egokitzapena da erronka.
A.M.: Kate luze baten modukoa ikusten dut Gerediaga, eta hor Asun eta biok zein Gerediagako lantalde osoa elkarren arteko balaunaldi-katebegia izan gaitezke. Gure helburua ondarea ikertzea, zabaltzea eta zaintzea denez, ibilbide genealogiko horretan beharrezkoa da katebegi berriak sortzea. Momentu honetan ez dago etenaldirako arriskurik, baina belaunaldiak batzea eta berriak bermatzea izan daiteke erronka.
Zapatuan Gerediagako foru zelaian egingo dena iragartzerik bai?
A.M.: Ikuskizun bat izango da, ikus-entzunezkoak, bertsoak, kantua eta antzerkia batuko dituena.
A.E.: Edorta Barruetabeñak sortutako ikuskizuna izango da eta hainbat atal izango du. Itsuak ikuskizun aurrea girotuko du, eta ikuskizunean, Malakiasek batetik eta Onintza Azkaratek, Eider Gallastegik eta Joannah Keenek osatutako hirukoteak bestetik, pieza bana joko dute. Iruri Altzerreka eta Unai Iturriaga bertsotan izango dira, eta Karrika antzerki taldeko kideek XIX. menden foru zelaian egiten ziren eskualdeko batzarrak taularatuko dituzte ohikoa duten umorea lagun. Horrez gainera, eskualdeko elkarteen eta eragileen ahotsa egongo da, eta jakina, baita jan-edana ere.