Ordubeteko inguruko ikuskizuna izango dela aurreratu du Gerediagak, eta bertan, elkartearen oraina eta iragana laburtuko dituztela, ikus-entzunezko laburretan, eskualdeko eragileen lekukotza eta eskualdeko irudiak tartekatuta. Horrez gainera, zuzeneko musika ere egongo da; Malakiasek, alde batetik, eta Onintza Azkaratek, Eider Gallastegik eta Joannah Keenek osatuko duten hirukoteak, bestetik, joko dute. Iruri Altzerrekak eta Unai Iturriagak bertsotan egingo dute, eta Karrika antzerki taldeak, ere umorezko sketxa prestatu du. Eskualdeko dantzari desberdinez osaturiko dantzariegaz ezpatadantza saioa ere egongo da.
Mugikortasunari begirako oharra
Bestalde, Gerediaga Elkarteak ekitaldirako autobusa antolatu duela azaldu du. "Gerediaga ermita inguruan autoa aparkatzeko lekurik ez da egongo, eta bertaratzea errazteko asmoarekin, doako autobusa izango da joan-etorria Traña-Matienako Zubibitarte kaleko geralekutik, 18:45ean hasi eta 19:50era bitartean", azaldu dute ohar batean. Ekitaldia amaitutakoan, etxerako bidea ere autobusez egin ahalko da, 21:15eatik aurrera.