"Gerediagaren lidergoa hartzeak bertigoa ematen dit, baina eutsiko diogu mailari"

Aritz Maldonado 2025ko eka. 6a, 09:30

Gerediaga Elkarteak 60 urte beteko ditu aurten, eta urteurrenagaz batera zuzendaritza batzorde berria eratu dute. Hamarkada bi baino gehiagoan elkartearen aurpegirik ezagunena izan eta gero, Nerea Mujikak presidentetza utziko duela iragarri zuten urteroko batzar nagusiaren ondoren. Gotzon Gomezek hartuko du haren lekukoa. Asun Elorriaga izango da presidenteordea. Ekainaren 14an, Gerediaga Elkartearen sorreraren 60. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute, eta bertan, Mujika omentzeaz gainera, 60. Durangoko Azokaren irteerako pistola-tiroa egingo dute. "Ospakizuna ere izango da, jakina. Batzuetan, jendea beldur da ospakizunetarako, baina elkarte batek 60 urte betetzea pozgarria eta ospatu beharrekoa da. Gainera, Nerea Mujikari merezi duen omenaldia egiteko aukera bikaina ere bada", esan du Gomezek.

Zelakoa izan da kargu aldatzea?
Gerediaga auzoko foru-zelaiko ekitaldia oso hunkarria izan zen. Alde batetik, Nerea Mujikak 22 urte egin dituelako presidente lez, eta hori erraz esaten da, baina ez da erraz egiten. Gutxieneko aitortza izan zen, hamarkada bi horietako argazkiak eta irudiak ikusi genituen, besteak beste. Bestalde, Nerea nire irakaslea izan zen unibertsitatean, eta berak animatu ninduen Gerediagan sartzera lehenengo eta zuzendaritzara geroago. Beraz, bere lekukoa hartzean bere ibilbidea gogoratzeko eta omenaldi txikitxoa egiteko aprobetxatu nuen, eta ni neu ere hunkitu nintzen. 22 urte denbora asko da halako ardura bat izateko.

Zein ekarpen egin dio Mujikak Gerediagari urte hauetan?
Hiru ekarpen oso garrantzitsu egin dituela iruditzen zait. Alde batetik, junta sendo bat sortzea eta bertan hainbat belaunaldi batzea; 60, 50, 40 eta 30 urte bueltako jendea dago hor, eta hori ez da erraza uztartzeko. Bestetik, eskualde ikuspuntua indartzea, Durangaldea ez dela Durango bakarrik erakustea, beste herriek ere berezitasunak dituztela erakustea. Eta, azkenik, Durangoko Azokak gaur egun duen sona izateko lidergoa berak eraman du. Niri bertigo apur bat ematen dit, gauzak oso ondo egin dituelako eta langa oso goian ipini duelako, baina ahal duguna egingo dugu eta eutsiko diogu mailari.

Orain, erronka nagusia ondareari eustea da. Alde batetik, ukigarria dena; eraikinak, adibidez, baina ageri ez direnak ere zaindu egin behar dira. Helburu horregaz sortu zen, hain zuzen ere, Gerediaga Elkartea orain 60 urte. Iragana eta gaur egungoa zaindu egin behar dira, baina etorri daitekeenera ere adi egon behar da. 

Elkartegintzaren erronka nagusietariko bat gazteak erakartzea da.
Guk ikusten dugu, adibidez, badaudela gazteak zaletasunak dituztenak, baina gero ez dira ausartzen horiek kaleratzera, ez dutelako biderik topatzen. Sormen Beka, adibidez, hortik doa, Durangaldeko gazteak, edo Durangaldeko gaiak jorratzen dituztenak, bultzatzeko; gainera, Astola aldizkariaren bitartez ikusarazi daitezke lan horiek gero. Gazteen kontua DRTtik ere ezagutzen dut. Normala den moduan, gazteak ez dira joaten nagusiagoak dauden elkarteetara, ez zaizkie erakargarriak egiten, niri ere gertatzen zitzaidan bere garaian. Euren ekarpenak elkarte barruan egitea gustatuko litzaiguke, badutelako zer esan.

Asun Elorriaga izango duzu ondoan.
Asunen moduko pertsona bat ondoan izateak konfiantza eta lasaitasuna ematen dizkit. Urte asko darama barruan, eta beste hainbat arlotan ere ibilbide luzea egin du; Hizkuntza Eskolako zuzendaria izan zen adibidez, eta oso literatura zalea da. Asko dakien pertsona da, eta beragaz eta gainerakoekin asko ikasi dut Gerediagan daramatzadan urteetan.

Belaunaldi aldaketa izaten ari da Gerediagan.
Argi dago bide honetan aitzindari izandakoek sekulako lana egin zutela, baina transmisio bat egon behar da, erreleborik izan ezik hil egingo delako. Ekainaren 14ko ekitaldia ere hortik doa. Hunkigarria izango da, ibilbide osoa jasoko duena. Bidea hasi zuten Gerediagako kideak gogoratzeko ere baliagarria izango da. Atzera begiratzeak bertigo apur bat ere ematen du, ikusita lehenengo Liburu eta Disko Azoka zena nola bihurtu den gaur egungo Durangoko Azoka. Erronkak handitzen doaz, baina pozgarria ere bada. Funtsean ospakizun bat da, eta ematen du batzuetan beldurra ematen duela ospatzeak, baina 60 urteko ibilbidea ospatzekoa da. Sortzaileetariko batzuk, adinagaitik, joan egin zaizkigu, eta haientzat zein bizirik daudenentzat izango da omenaldia. Hamarkada hauetan lagun mordoa igaro da elkartetik, lagun askok eskaini diote euren denbora. Ekitaldi honek Durangoko Azokaren 60. urteurrenari hasiera emango dio, zelanbait esateko.

Beraz, Gerediagak badu gogoa lanean jarraitzeko. 
Horrela ikusten gaituzte kanpotik, eta guk ere sinesten dugu horretan. Zerbaiti ekiten diogunean, ganoraz ekiten diogu, baliabideak eskainita. Eta horretan erakundeen jarrera ere oso garrantzitsua da. Eta nahiko sintonian gaudela esango nuke. Batzuetan, kultur arloko gauzak ez dira behar den beste baloratzen; epe laburrean lortu gura izaten dira etekinak, eta hori ez da horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!