Gaztea zinen Durango bonbardatu zutenean.
1932koa naiz; beraz, 4 urte nituen, urrian eginda.
Zelan gogoratzen duzu egun hura?
Hasieran ez genekien zer gertatzen zebilen. Baina, gero, albisteak heltzen hasi zitzaizkigun. Gure familia buztingilea zen eta etxearen beheko aldean tailerra zuten. Haraixe bajatu ginen. Labe handi bat genuen, eta goizeko bonbardaketan hantxe sartu ginen. Bonbardaketa amaitu zenean, zaratarik entzuten ez genuenez, irten egin ginen. Esaten zutenez, hegazkinak kargatzera joan ziren eta beste bonbardaketa bat aurreikusten zen. Ordu bi eta erdi inguru genituela esan ziguten, eta alde egitea erabaki genuen. Aitak etxeko atea giltzagaz zarratu eta Iurretako Goiuria auzora joan ginen, bai nire familia eta baita gure ondoan bizi zen osabarena ere. Hango elizpean pasatu genuen arratsaldea. Terriblea izan zen. Arratsaldeko bonbardaketa Goiuriatik ikusi genuen. Gu altueran geunden eta hegazkinak zelan bajatzen ziren eta zelan bonbardatzen zuten ikusi genuen.
Etxera bueltatu zineten?
Ez, Goiuriako elizako atzeko aldetik zihoan bidetxo batetik Oromiñora joan ginen. Gure familia eta osabarena ere joan ginen. Osabak hiru alaba zituen. Nik hiru arreba nituen, baina euretariko bat ez zen etorri.
Arreba horrek zergaitik erabaki zuen ez joatea?
Ikastolako andereñoa zen. Lehenengo ikastolako andereñoa izan zen. Felisa deitzen zen, guretzat Feli. Eusko Jaurlaritzak abisua eman zion eskolako ume guztiak Durangotik ateratzeko, bestela denak hilko zirela. Felik amagaz berba egin zuen ea ni beragaz eraman edo ez. Lau urte baino ez nituen, eta familiagaz hobeto egongo nintzela esan zion arrebak amari. Ez zekiten zer topatuko zuten. Feli eta beste hainbat irakasle eta ume talde Santanderrera joan ziren. Itsasontzien zain geratu ziren bertan. Feli Iparraldera joan zen hainbat umegaz, Donibane Garazira. Zentro batean egon ziren, eta orain hile bi leku hori bisitatzera joan ginen. Bertan egokitu zituzten denak. Leku onean egon ziren. Eskolak ematen zituzten, euskaraz.
Eta zuek ondo heldu zineten Oromiñora?
Denok elkarregaz joan ginen, osaba neskekin eta gu. Gau hori hango eskolan pasatu genuen. Koltxoi batzuk ekarri zizkiguten eta bertan lo egin genuen. Durango txikituta zegoela esan ziguten. Gauzak horrela, Bilbora joatea pentsatu genuen, amaren ahizparengana. Lau edo bost hilabete egin genituen Bilbon. Baina Franco bertara sartu zen eta bonbardaketa hori ere bizi izan genuen.
Zelakoa izan zen Bilboko bonbardaketa?
Francok Bilbo hartu zuenean, Artxandatik bonbardatzen hasi ziren. Gogoan dut etxetik zelan bajatzen ginen Erriberara, merkatu plazaren ondoan izekoren etxetik Caja de Ahorros batetik gertu zegoen babesleku batera.
Zelan erabaki zenuten Bilbora bueltatzea?
Aitak durangar bategaz topo egin zuen Bilbon, kalean. Durangar horrek esan zion bueltatu egingo zirela, frankistek egin beharrekoa eginda zegoela eta dena txikituta zegoela. Gure etxea zutik zegoela esan zioten, baina oso hondatuta. Geuk ere bueltatzea erabaki genuen.
Etxera bueltan, zelan aurkitu zenuten etxea?
17:00 aldera ailegatu ginen etxera. Atari guztia kristalez beterik topatu genuen. Horman zulo bat zegoen, obus batek egindakoa. Giltzak atera, eta atea zabaldu zuen aitak. Dena hondakina zen. Teilatua ere txikituta zegoen. Hala ere, sartu egin ginen. Aita sartu zen lehenengo, eskailerak ondo zeuden baieztatzeko. Amari eskutik helduta sartu nintzen. Panorama hura ikusita, hauxe galdetu nion: "Ama, hemen bizi behar dugu?". Ama negarrez hasi zen. (pasartea gogoratzerakoan, segundo batzuetako isilunea egin du, arnasa sakon hartzeko).
Oraindino ere emozionatu egiten zara pasarte hori kontatzerakoan.
Bai. Bost urte nituen arren, ondo gogoratzen dut momentu hura. Bonbardaketan obus bat sartu zen horma batetik eta zulo handi bat egin zuen. Aitaren eta amaren gela zeharkatu zuen eta beheko solairura heldu zen. Buztina lantzeko tresnen artean geratu zen. Ortu txiki bat geneukan, baina ez geneukan hazirik ereiteko. Geroago, osaba bere familiagaz etorri zen.
Zelan geratu zen tailerra?
Han ezin zen beharrik egin. Errobera bi zituzten eta produktu batzuk egiten hasi ziren, baina oso astiro bueltatu ziren lanera. Uste dut momentu hartan Bilboko izekok lagunduko zigula. Mertzeria ezagun bat zuen. Gainera, obusa tailerrean zegoen, eta ez zuten mugitu gura, badaezpada. Jose izeneko bati obusa buztin artetik ateratzeko eskatu zioten. Obusa ikustera etorri ziren etxera, eta ondo begiratu ostean esan zuten bonbak eztanda eginda egon behar zuela haraino heltzeko. Eta kendu egin zuten handik.
Behin hasierako eragina pasatuta, zelan jarraitu zenuten bizimoduagaz aurrera?
Arreba ikastolako andereñoa zen, baina gerraostean ez ikastolarik ez ezer. Euskararen aurkako debekua oso argia zen. Nik 6-7 urte nituenean, arrebak amari esan zion eskolara joan beharko nuela, euskaraz izan ez arren. Denbora pasatu zen eta Maristetara bidaltzea erabaki zuten. Hara joateko ere dirua behar zen. Bilboko izeko etorri zen eta ni eskolara eramateko esan zion amari, konponduko ginela. Nik euskaraz nekien bakarrik, eta eskolan dena erdaraz ikasten genuen. Ikasi nuen.
Zelan gogoratzen duzu gerraostea?
Errazioak ematen zituzten txartelagaz. Dendara joaten ginen harekin. Tabakoa ere erosten genuen, aitarentzat. Orduan ez genekien zeinen txarra zen. Ondo egiten zuelakoan!
15-16 urtegaz arrebak zerrako jabeagaz amistadea zuen eta hara bidali ninduen, Comercio ikasten nenbilela eta, praktiketan hasteko. Handik urtebetera, beste lagun bategaz Curtidos el Tigre enpresara joan nintzen. Han beste urtebete egin nuen.
Zelan gogoratzen duzu frankismoa?
Ezin zen euskaraz egin. Gainera, kanpotik etorritako frankistak txarrak ziren. Errepresio handia bizi izan genuen. Adibide bat ipintzearren. Gure etxea Madalenan zegoen, Olleria legez ezaguna zen. Gaztea nintzela futbolean aritzen ginen han kanpoan, eta ama balkoira irteten zen bazkaltzeko ordua zela gogorarazteko: "Mikel!", deiadar egiten zidan. Halako batean, andra batzuk espaloitik pasatu ziren: "Ai señora, no comprendo qué nombre es ese. ¿A quién está llamando?", esan zion euretariko batek amari. "Estoy llamando a mi hijo, que se llama Mikel", erantzun zion amak. "¡Es que no se puede decir nada, nos encontramos con cada cosa!", erantzun zion andreak. Kontu handiz ibili behar izaten zen, beti beldurragaz.
Orokorrean, urte askoan ez da berbarik egin bonbardaketari buruz. Zuen etxean bai? Egon da transmisio hori?
Gerraostean ezagunen artean berba egiten genuen, baina orokorrean, ez. Frankisten propagandak esaten zuen gorriak izan zirela bonbardaketaren egileak. Baina guk bagenekien ez zala hala. Kontu handiz ibili beharra zegoen. Horregaitik, garrantzitsua da hurrengo belaunaldiei gertatu zena gogoraraztea, ez ahazteko.
Joaten zara oroimen M31ko ekitaldietara?
Bai, ahal dudanetan joaten naiz. Iaz Benita Uribarrena parkekora joan nintzen eta lore eskaintzan parte hartu nuen.